Eusko Jaurlaritzak 20 milioiko inbertsioa iragarri du Renove Programetan
Lehendakariak enplegua sustatzea dela gaur egungo lehentasuna adierazi du, eta hori bultzatzeko konpromiso hartu du.
Eusko Jaurlaritzako Mahai Soziekonomikoa bildu da gaur goizean, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako ekonomiaren eta enpleguaren egoera eragile soziekonomikoekin aztertzeko. Bertan, Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri du Eusko Jaurlaritzak 20 milioiko inbertsioa egingo duela Renove Programetan.
Lehendakariak enplegua sustatzea dela gaur egungo lehentasuna adierazi du, eta hori bultzatzeko konpromiso hartu du: “Behar den guztia egingo dugu ahalik eta enplegu gehien mantentzeko eta galdutako enplegu guztia berreskuratzeko”. Hori horrela, “auzolana” mantendu behar dela dio, eta horretarako ezinbestekoa dela kontsumoa eta inbertsioa sustatzea uste du, ahalik eta jarduera ekonomiko eta enplegu gehiena mantentzeko.
Renove Programa batzuk martxan jarriko dituztela jakinarazi du Urkulluk, 2 milioi eurokoak. Lehendakariak azaldu duenez, laguntza horiek familiei eta enpresei kontsumoa eta inbertsioa sustatzen laguntzeko dira. “Renove programak eraginkorrak izan dira iraganean eta eraginkorrak izango dira orain ere egoera honi aurre egiteko”, dio lehendakariak.
Neurriak. Hori horrela, Eusko Jaurlaritzak merkataritza suspertzeko bonuen programa bat abiaraziko du foru aldundiekin batera. Etxetresna elektrikoen eta leihoen Renove planak bultzatuko dituzte, 2,5 milioi euroko inbertsioagaz bakoitzean. Bestalde, 5 milioiko inbertsioa bi egingo dituzte enpresa txiki eta ertainentzat; makina-erreminta eta industria programetan hain zuzen. Renove ibilgailuen planean ere, 5 milioi euroko inbertsioa egingo dute, “indarrean dagoen deialdiko 5 milioi euroak gehituta”.
Ekonomia dinamizatzeaz gain, Jaurlaritzaren helburua eraginkortasun energetikoan aurrera egitea bultzatzea da, eta parke mugikorra berritzea CO2 gutxiago isurtzeko.
“ERTEei dagokionez, lehen unetik defendatu dut Alemaniako Gobernuaren eredua aplikatzea, horrela proposatu nion martxoaren 15ean Espainiako Gobernuaren Presidenteari. Hala, Espainiako Gobernuari dagokio neurri hori hartzea eta ERTE-k mantentzeko eta zabaltzeko eskaria egiten jarraituko dugu”, azaldu du lehendakariak. Izan ere, azaldu duenez, Espainiako Gobernuak FondoSurretik jasoko dituen laguntza europarrak edukiko ditu, 100 mila milioi eurokoak: “Bizkai, Araba eta Gipuzkoan azter genezake programa hori osagarria izatea soldata baxuenentzat”.
Etorkizunari begira. Etorkizun ekonomiko berria eraikitzearen alde egin du lehendakariak: “Gure xedea galdutako enplegu guztia berreskuratzea da eta hau hurrengo legealdi osorako helburu bat da”. Horretarako, ekonomia berpizteko eta enplegua sustatzeko estrategia berri bat prestatu eta partekatuko dutela jakinarazi du.