Mijoako isurketak "bukaerarik gabeko kontua" direla diote Eguzkik eta Mutriku Natur Taldeak
Aurreko barikuan beste isurketa bat egon zen Mijoan; aurtengo bigarrena. Industriaguneko araztegi berria eraikitzen ez den bitartean tarteko bide bat bilatzeko eskatu diete aldundiari eta Jaurlaritzari.
Eguzkik eta Mutriku Natur Taldeak salatu dutenez, beste isurketa bat egon da Mutrikuko Mijoa errekan. Isurketa barikuan [maiatzak 22] izan zen, Bioanizatasunaren Nazioarteko Egunean, hain zuzen. “Aurrekoetan modura”, isurketa industriagunetik zetorrela nabarmendu dute; “bertako araztegitik”. Datuei erreparatuz, barikukoa aurtengo bigarrena izan dela azpimarratu dute, baina, tamalez, isurketak Mijoan ohikoak bihurtu direla diote, “beste hamaika aldiz ere gauza bera gertatu da azken urteetan”.
Isurketak behin baino gehiagotan errepikatu direnez, industriagunetik beherako erreka zatian ornodun bizidunak topatzea oso zaila omen dela diote. “Antzeko zerbait diote Ura Agentziaren txostenetan ere. Errekako urak kalitate ezin txarragoa du, eta ingurumena muturreraino narriatuta dago. Eta hori, Mijoa babestutako erreka bat dela nolabait; Mijoa bisoi europarra (mustela lutreola) Babesteko Plan Bereziaren barruan sartuta dago eta”.
Bi talde ekologisten iritziz, arazoari irtenbidea eman ahal izateko bailarako enpresa, kanpin, etxebizitza eta hondartzako kantina eta zerbitzu guztietako ur zikinak Mutrikuko portuan dagoen araztegira ponpatzea beharrezkoa litzateke. “Obra guzti horiek eta bidegorriaren proiektua era koordinatu eta bateratuan burutzea eskatzen dugu”.
Industriagunean dagoen kontserba enpresetako ur zikin industrialak garbitzeko araztegia txikiegia geratu dela uste dute, eta horrek eragiten duela arazoa. Berria eraikitzea aspaldi eskatu zuten, eta horren ardura Jaurlaritzak duela nabarmendu dute. “Orain urtebete Jaurlaritzak Mijoako saneamendu obren finantzaketa bere gain hartuko zuela berretsi zuen. Baina 2019an ez zuen ezer egin, eta 2020ko aurrekontuetan diru sailik agertzen ez denez berdin jarraituko dugula iruditzen zaigu”.
Enpresen, kontserba lantegien eta Jaurlaritzaren artean egoerari irtenbide bat emateko garaia badela uste dute Eguzkik eta Mutrikuko Natur Taldeak. “Araztegia egokitzen ez badute tarteko bide bat bilatu beharko dute”. Bien bitartean, Gipuzkoako Foru Aldundiko bidegorrien arduradunei eta Jaurlaritzako ingurumen sailekoei lanean hasteko, eta araztegia eta bidegorria eraiki bitartean irtenbide duin bat bilatzeko eskatu diete.