14 urtetik beherakoek gurasoek lagunduta irten dezaketela gogorarazi du Lekeitioko Udalak
6 urtetik gorakoek, gainera, maskara soinean eraman beharko dute erabilera publikoko espazio itxietan.
Lekeitioko Udalak ohar baten bidez kaleratu duenez, ordu tarteak desagertu badira ere, 14 urtetik beherako umeek gurasoekin egon beharko dute kalean, edo, gutxienez, pertsona heldu arduradun bategaz. “Ordutegiak desagertu badira ere, oraindik derrigorrezkoa da heldu batekin kalera ateratzea”, gogorarazi dute.
Gaineratu dutenez, 6 urtetik gorakoek maskara erabili beharko dute nahitaez erabilera publikoko espazio itxi guztietan, baita bi metroko segurtasun distantzia gorde ezin den aire zabaleko tokietan ere. “Arnasa hartzeko zailtasunak dituztenak edota haien osasun egoeragatik maskarek kalte egiten dietenak ez dira derrigortuta egongo maskara eramatera”.