Aniztasun funtzionala dutenentzako aldagela ipiniko dute Arrigorri hondartzan
Aldagelak komuna, dutxa, esku-ohe bat, eserlekuak eta zabalera bereziko ateak ditu 20 metro koadroan. Espazio bera bobyboarderrek erabili ahal izango dute hondartza denboraldia amaitutakoan.
Ondarroako Udalak jakitera eman duenez, aniztasun funtzionala dutenentzat egokitutako aldagela eraikitzen hasi dira Arrigorri hondartzan. Udalak Karenka guraso elkarteko kideekin batera egin du azterketa, eta espazioak hainbat behar asetuko dituela azpimarratu dute; irisgarritasuna kontuan izanda, besteak beste, komuna, dutxa, esku-ohe bat, eserlekuak, zabalera bereziko ateak… ipiniko dituztela aurreratu dute, “erabiltzaileak ahalik eta erosoen eta gusturen egoteko”. Udalaren asmoa ekainaren 15ean hondartzen denboraldia ofizialki zabaltzen denean aldagela prest edukitzea da.
Zehaztu dutenez, hondartzako tabernak biltegi modura erabiltzen zuen espazioa banatu, eta hantxe egokitu dute 20 bat metro koadroko zabalera duen aldagela. “Txarto banatutako espazio asko zegoen; espazioa berrantolatu egin behar izan dugu aldagela sortzeko”. Obraren adura udal brigadako beharginak daramate. Duela bi aste hasi ziren lanekin, eta amaitzeko gutxi falta dela iragarri dute. “Espazioa berrantolatzeko hormaren bat edo beste bota behar izan da, eta besteren bat eraiki. Oraindik ere gauza batzuk falta dira, baina zati handiena eginda dago”.
Hondartza denboraldia amaituta, berriz, espazio bera bodyboarderrek erabiliko dutela aurreratu dute udal iturriek. “Urte osoan hondartzan bodyboard egiten dutenek ez zuten euren gauzak gordeta uzteko tokirik, eta haientzako aldagela bihurtuko da gainontzeko hilabeteetan”.