Miruiatz eta Egaña frontoien erabilpena arautu ditu Mutrikuko Udalak
Miruaitz, soilik, herriko pilotari federatuek erabili ahal izango dute. Gainontzekoek, Egañaneko frontoia erabili beharko dute. Araudia ekainaren 7ra bitartean egongo da indarrean.
Konfinamendua arintzeko bigarren fasean sartuta, Miruaitz eta Egaña frontoien erabilpen araudi berriak onartu zituen Mutrikuko Udalak eguaztenean [maiatzak 27] alkate ebazpen bidez; araua, oraingoz, ekainaren 7ra bitartean egongo da indarrean. Udal iturriek azpimarratu dutenez, Miruaitz, soilik, herriko pilotari federatuek erabili ahal izango dute. Federatuta ez daudenek, berriz, Egañaneko frontoia erabili beharko dute.
08:00etatik 22:00etara zabalik egongo dira bi pilotalekuak, eta erabili nahi dituztenek hitzordua eskatu beharko dute aldez aurretik. Miruaitzeko txandak kudeatzeaz Danok Bat arduratuko da eta Egañanekoaz, berriz, Mutrikuko Udala (hitzordua kirola@mutriku.net helbide elektronikora idatzita eskatu eta erreserbatu beharko da); eurek antolatuko dituzte ordutegi txandak. “Ordutegi horietatik kanpo ezin izango da instalazioan egon”.
Miruaitzen kasuan, baimen bakoitza, gehienez ere, ordubetekoa izango da. “Danok Batek arratsaldetan programatuko ditu pilotarien entrenamendu orduak, eta etxean dutxatu beharko dira”. Egañanekoa, aldiz, 45 minutuz erabili ahal izango da; hurrengo ordu tartean inor ez badago soilik luzatu ahal izango da. “Saio bakoitzeko kirolariek ezin izango dute segidan baimen bat baino gehiago izan eta honenbestez, ezingo dute egunean segidan saio bat baino gehiago jokatu”.
Bi frontoietan banakako kirol jarduerak edo, gehienez ere, bi pertsonek egin ditzaketen praktikak baimenduko dira; betiere kontaktu fisikorik gabekoak, behar diren segurtasun eta babes neurriei eutsiz eta bi metroko segurtasun distantzia sozialari eutsiz. Kirol instalazioak, gainera, egunero garbitu eta desinfektatuko dituztela jakitera eman dute. Miruiatz, esateko, goizeko ordu tartea hasi aurretik eta ondoren, eta arratsaldeko ordu tartea hasi aurretik eta ondoren garbitu eta desinfektatuko dutela iragarri dute.
Miruaitzen, gainera, kirol instalakuntzaren edukiaren %30eko muga errespetatu beharko da. Aldagelak ere erabili ahal izango dira, baina betiere prebentzio eta higiene neurri orokorrak errespetatu beharko dira. Besteak beste, kirol praktika egin aurretik tenperatura hartuko diete kirolariei prebentzio neurri modura. “37,5ºC baino gutxiago izan beharko dute”. Horrez gain, kirolari bakoitzak bere pala eta zesta eraman beharko ditu, eta bere garbiketa eta desinfekzioaz arduratu beharko da. “Pilotak ere saioaren hasieran eta bukaeran desinfektatu egin beharko dira”.