Ikasleak arazorik barik egokitu dira baldintza berrietara
Astelehenetik hasita, aurrez aurreko eskolak ematen ari dira Lea-Artibai eta Mutrikuko ikastetxe batzuk. Iraileko itzulerak kezkatzen ditu batez ere. Hemen egunerokotasunean aurkitu dituzten zailtasunak eta egin behar izan dituzten aldaketak.
Astelehenean itzuli ziren Markina-Xemeingo Lea Artibai Ikastetxeko, Mutrikuko Kardala Akuakultura Eskolako, eta Ondarroako Itsas Arrantza Eskolako eta Zubi Zahar Herri Ikastolako ikasle batzuk aurrez aurreko hezkuntza jarduerara. Orokorrean ondo moldatu direla azaldu dute. Izan ere, aurretiaz ibili dira zelan antolatu pentsatzen eta hartu beharreko neurriak zehazten, eta itzulerara ondo egokitu dira denak.
Itzulerak zailtasunik ez, baina, ordea, lan gehiago ekarri diela azaldu du Isabel Mendiguren Lea Artibai Ikastetxeko zuzendariak: «Espazioen erabilera berrantolatu, langileontzako eta ikasle talde bakoitzarentzat jarraitu beharreko protokoloak zehaztu, eta ikastetxean ohar eta seinale bereziak jarri behar izan ditugu, eta eguneko martxak erakutsiko digu nola hobetu».
Zehaztu duenez, itzulera mailakatua egin dute, eta lau eraikinetan banatuta daude taldeak, beraz, ez da jende pilaketarik sortu. Mendigurenek dioenez, ikasturtea amaitzeko ez dute arazorik izango. Kezka eragiten diena ikasturte berria da. «Irailak eta udazkenak zer ekarriko duten ez dakigu, eta horrek kezkatzen gaitu. Bagabiltza HETELeko beste ikastetxe batzuekin, egoera errepikatuz gero, antolatzeko moduak pentsatzen, baina inolako ziurtasunik barik».
Ekaina osoan emango dituzte Batxilergo eta Lanbide Heziketako eskolak, «talde bakoitzaren plangintza eta beharrizanen arabera». Lanbideko ikastaroak, berriz, uztailera arte egongo direla azaldu du.
Ondarroako Itsas eta Arrantza Eskolan ere ondo moldatzen ari dira. Mikel Santiso ikastetxeko zuzendariak argitu duenez, ikasturtearen azken zatian egoteak erraztu egin die itzulera, ikaslegoaren erdiak ikasturtea amaituta zeukan eta. «Guk hiru heziketa ziklo ditugu, guztira sei talde dira. Horietatik hiru martxo aldera praktikak egiten hasi ziren, beraz, horiek alde teorikoa amaituta zeukaten. Lehen mailetako lehen ebaluazio biak gaindituta dituzten ikasleek ere, %80 inguru, ez daukate eskolara zertan etorri, gaindituta daukate hirugarrena. Errefortzua behar duten ikasleak datoz».
Hiru edo lau laguneko talde txikietan hasi dira joaten ikastetxera, 08:30etik 13:00etara, eta hiruzpalau gela dituzte prest horretarako. «Ikastetxe handia da, azalera handia daukagu, eta alde horretatik erraz moldatu gara». Sarrera eta irteerak ere kontrolatu egin dituztela argitu du Santisok. «Telefonoz dei egiten digute, eta guk irekitzen diegu atea. Ikasle gutxi direnez erraz moldatu gara, egoera bestelakoa izango zen ikasturte hasiera izango balitz».
Hori da, hain zuzen ere, kezka eragiten diena, datorren ikasturtea. Momentuz ezer ez dakitela esan du Itsas eta Arrantza Eskolako zuzendariak, baina ematen dituzten modulu askotan ezagutza praktikoa dela nagusi azaldu du. «Tailerrak eta simulazioak egin, eta sareak josten ere erakusten da, esaterako, eta horiek ezin daitezke telematikoki eman, aurrez aurre eman behar dira. Txandaka moldatu beharko ginateke, batzuk goizean eta besteak arratsaldez. Guk ikasturte osoa telematikoki ematea ezinezkoa dela ikusten dut».
Ikasleak ere 18 urtetik gorakoak direla eta, kontzientziatuta joan direla esan du. «Lan mundutik datorrena eta titulazio bat ateratzera datorrena da, ezer esan beharrik ere ia ez dugu eduki». Hala ere, protokolo batzuk zehaztu dituzte, eta kontigentzia plana ere egin dute, eta tekniko bat igaroko da kontigentzia plan hori berrikustera, «zer edo zer hobetu beharko balitz, hobetzeko».
Ikasleak «pozik». DBH4ko ikasleek beraien bizitzako ziklo bat bukatzen zutela eta, ikastolara itzultzea erabaki zuen Zubi Zahar ikastolak. «Pentsatu genuen funtsezkoa zela talde horri merezi duen agurra egitea». Eta horrela, astelehenetik, eskolak ematen egon dira DBH4ko ikasle guztiak. Emaitzak merezi duela azpimarratu dute: «Ikastolak esfortzu handia egin behar izan du hori guztia prest izateko, ez baitu inongo laguntzarik jaso. Hala ere, ikasleen itzulera hunkigarriak erakutsi digu esfortzuak merezi izan duela. Martxotik aurrez aurre elkar ikusi gabe egon ondoren, pozik etorri ziren ikasleak; eta pozik hartu genituen berriz ikastolan».
Astebete eman dute modu horretan lanean, eta ikasleak baldintza berrietara arazo barik egokitu direla azaldu dute, «nahiz eta batzuetan elkarren arteko distantziak mantentzeko ahaleginak antzuak izan».
Aurrez aurreko eskolak ekainaren 19an amaituko dituzte, baina ekainaren 15etik 19ra errefortzua behar duten ikasleekin lan egingo dute ikastolan. Datorren ikasturteari begira, berriz, «irudimena» erabili beharko dutela esan dute. «Agertoki ezberdinak irudikatu beharko ditugu, eta horien baitan erantzunak bilatu. Ez dugu uste konponbiderik inork emango digunik, eta guk geuk egin beharko diogu aurre balizko egoera horri, irudimen handiz. Lan handia daukagu aurretik».
Proiektua amaitzera. Oso ondo moldatu dira bai eta ere Mutrikuko Kardala Akuakultura Eskolan. Ikasleak gustura etorri direla esan du Igotz Gallastegi ikasketaburuak. «Proiektu bat lantzen ibili gara guztiok batera, eta zalantzak argitzeko aukera eman digu itzulerak». Azaldu duenez, ikasleen gehiengoa itzuli da ikastetxera, gela txikietan banatuta, baina ezin izan duenak telelanaren bidez jarraitu ahal izan ditu eskolak.
Irailera begira ere jarri dira akuakultura eskolakoak. «Logistika aldetik nola prestatu pentsatzen hasi gara, badaezpada egoera txarrenean jarrita, irailerako prest egoteko. Aukerak lantzen ari gara».
Hirugarren ebaluazioko lanekin amaitu eta ikasleen aurkezpenak eta azken azterketak egingo dituzte ekainean. Bestalde, ikasle batzuk atzerrian praktikak egiten ari direla jakitera eman du Gallastegik. «COVID-19a dela eta, geldirik egon behar izan dira, eta hilabeteko luzapena eskaini die ikastetxeak».