Hondartzen erabilerari buruzko neurri eta arauak zehaztu dituzte udalek
Lekeitioko Udalak, esaterako, erabiltzaileei gomendatu die aulkiak, eguzkitakoak, hamakak eta bestelakoak ez eramateko, "behar-beharrezkoa ez bada". Dena dela, Lekeition ezin da eguzkia hartzen egon. Ondarroan, ostera, arauak ezarri ditu udalak, eta soilik 3 urtetik beherakoek, 65 urtetik gorakoek eta "beharrizan bereziak" dituztenek erabili ahalko dituzte eguzkitakoak, aulkiak edota hamakak.
Esan zuten hondartzen erabilera arautzea udal bakoitzaren esku geratuko zela. Ondarroako eta Lekeitioko udalek atzo [maiatzak 29] jakinarazi zituzten zeintzuk diren bi herrietako hondartzak erabiltzeko baldintzak, eta Mutrikuko Udalak gaur [maiatzak 30] gomendio batzuk argitaratu ditu. Bizkaiko herrien kasuan, neurri edota arauak “gutxienez” ekainaren 15era arte egongo dira indarrean, hondartzen denboraldia hasi arte. Izan ere, egun horretatik aurrera, Bizkaiko hondartza bakoitzak aldundiak eta Ertzaintzak onartutako protokolo eta kontingentzia plan propioa edukiko ditu, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Ertzaintzak onartutakoa.
Udal aho batez esan diete herritarrei lege eta arauak errespetatzeko, eta adi ibiltzeko, egoera aldakorra delako. Arauak eta neurriak ezartzerakoan zein gomendioak ematerakoan, udal bakoitzak irizpide propioa eduki du; hondartza bakoitzak bere arau edo gomendio propioak ditu.
Eguzkitakoak, aulkliak, hamakak. Lekeition, esaterako, erabiltzaileei gomendatu zaie eguzkitakoak, aulkiak, hamakak, koltxonetak eta antzeakoak ez eramatea, “behar-beharrezkoa ez denean”. Ondarroan, baina, soilik 3 urtera arteko umeek, 65 urtetik gorakoek eta “beharrizan bereziak” dituztenek eraman ahalko dituzte, gainerakoek ez. Mutrikuko Udalak, aldiz, ez du eguzkitako, aulki edota hamakak bezalako objektuei buruzko ezer aipatu. Hori bai, aurreratu dute udala Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta hondartza duten gainontzeko herrietako ordezkariekin denboraldia hastean aforoa kontrolatu eta jende pilaketak saihesteko aukerak lantzen ari dela. Erabaki horiek hartu bitartean, Osasun Sailak hondartzetarako ezarritako jarraibideak errespetatzeko eskatu die herritarrei: segurtasun tartea mantendu, hondartzetan egonaldi laburrak egin (2-3 ordu), jende pilaketak saihestu eta adi ibili.
Ondarroan: Asteburuetan, eta marea goian dagoenean, hondartzaren funtzionamendua “dinamikoa” izango da. Hondartza dinamiko izaera horrek eta horrek dakartzan neurriak marea igoko den ordua baino ordu eta laurden lehenagotik eta marea igo eta ordu eta laurden geroagora arte iraungo dute
Ispaster. Ogella hondartzan ekainaren 15a bitartean bete beharreko neurriak ere jakitera eman ditu Ispasterko Udalak. Debekatuta dago barbakoak erabiltzea, ezin da kozinatu eta mahai gehigarriak ipini. Halaber, baloiarekin, palekin eta antzekoekin ezin da jolastu, eta uretako jarduerak (surfa, piragua etab. ) 11:00ak baino lehen edota 20:00ak ondoren egin ahal dira bakarrik. Horrez gain, aparkatzeko guneari dagokionez, debekatuta dago ibilgailuak beheko aldera sartzea; soilik baimendutako ibilgailuak eta zamalanetarakoak pasatu ahal dira beheko partera.
Lekeitio. Aulkietan eta abarren inguruan gomendatutakoaz gain, Lekeitioko Udalak ondoko neurriak ere ezarri ditu: bainua hartu, paseatu, uretako kirolak egin edota banakako kirolak egin ahal dira, baina ezin da eguzkia hartzen egon. Horrez gain, parkeko karakoleko eskaileretako sarrera itxi egin dute, hondartzan gehienez ere 3 ordu egoteko gomendatu die herritarrei. “Pertsonen erantzukizuna eta elkartasuna eskatzen da herritarren segurtasuna eta osasuna babesteko”. Dena dela, arauak betetzen direla ziurtatzeaz udaltzainak kargutuko direla gaineratu dute, eta une bakoitzean “egokitzat jotzen dituzten neurriak” hartu ahal izango dituztela. “Gauzak ondo egin behar ditugu gerora ez damutzeko”.
Mendexa. Karraspio eta Salbaje hondartzetarako ere antzerako neurriak zehaztu ditu Mendexako Udalak ekainaren 15a bitartean. Bainua hartzea, paseatzea eta uretako zein banakako kirolak egitea baimenduta dago, eta gehienez hiru orduz egotea gomendatu dute. Era berean, eguzkitakoak, aulkiak, hamakak, koltxonetak eta antzerakoak ez eramatea gomendatzen du udalak (ezinbestekoak direnean soilik eroatea). Txakurrak eta animaliak hondartzara eroatea debekatuta dago, bai eta 01:00etik 06:00etara aparkatzea ere; tarte horretan soilik baimendutako ibilgailuek aparkatu ahal dute.
Ondarroa. Eskualdeko kostaldeko herrien artean, neurri murriztaileenak Ondarroan ezarri dira, eta astegunerako eta asteburuetarako arau eta neurri ezberdinak ezarri dituzte. Hala, asteburuetan, eta marea goian dagoenean, hondartzaren funtzionamendua “dinamikoa” izango dela esan dute. Hondartza dinamiko izaera horrek eta horrek dakartzan neurriak marea igoko den ordua baino ordu eta laurden lehenagotik eta marea igo eta ordu eta laurden geroagora arte iraungo dute. “Zapato-domekatan jende gehiago etortzen da Arrigorrira, beraz, pilaketak saihestea da helburua”, esan dute. Ostera antzean, astegunean eta marea goian ez dagoen asteburuko orduetan uretatik kanpo banakako kirolak eta kontaktu fisikorik behar ez dutenak egin daitezkeela esan dute (palak, korrika…), beti ere horiek egiteko nahikoa espazio dagoela bermatuz.
Zer egin ahalko da eta zer ez Ondarroako hondartza dinamikoa denean?
- Paseoak: BAI
- Umeekin jolastu: BAI
- Bainua hartu: BAI. Eta gero ordu laurden bat eguzkitan egon ahal da, lehortzeko.
- Eguzkia hartzen egon: EZ
- Kirola uretatik kanpo: EZ
Ondarroako Udal ordezkariek esan dutenez, “pilaketak saihestea eta nahi duen orok hondartzaz gozatu ahal izatea” dira hondartza dinamikoaren helburuak. Formula hau Bizkaiko hondartza gehienetan erabiliko da larrialdi egoerak irauten duen bitartean.
Horrez gain, beste herri batzuetan egin bezala, oinezkoentzako sarrera eta irteerak markatu dituzte, noranzkoaren arabera. Eta bizikleten aparkalekuak errepide azpiko pasabidearen aldaparen amaierara lekualdatu dituzte, “hondartzako sarreran oinezkoak eta bizikletaz doazenak ez elkartzeko”elkartzea saihesteko. “Debekatuta dago Kalatraba zubitik txiringitora bitarteko tartean bizikletan joatea”.