Amoroton ez dituzte San Martin jaiak ospatuko
Segurtasun neurriak bermatu ezingo dituztelako hartu dute erabakia.
Pandemiak eskatzen dituen babes eta segurtasun neurriak betetzeko arazoak eduki ditzaketelako eta jende pilaketarik ez egoteko hartu dute erabakia. “Beste herri batzuetan gertatu den moduan, segurtasun neurriak ezingo ditugulako bermatu, jai batzordean erabaki zen bertan behera uztea, eta erabakia udaletxera etorri zen, eta udala ere iritzi berekoa zen”, azaldu du Ibon Gabiola Amorotoko alkateak.
Egungo osasun krisian ez dute beste aukerarik ikusten, eta, beraz, pentsatuta eduki dituzten ekitaldiak ezingo dituzte egin. Hala ere, jaiak baino pare bat aste lehenago, zer egin ahal lezaketen ikusteko batzartzeko asmoa dauka jai batzordeak; egoera aztertu eta alternatibaren bat egon daitekeen hausnartzeko elkartuko dira.
“Betiko jaiak egitea pentsaezina da. Momentuz, behintzat, ez goaz ezer antolatzen hastera, pixka bat itxaron nahi dugu. Jaien data hurreratu ahala, herri mailan zerbait egin ahal eta nahi badugu ikusiko dugu, beti ere egungo egoerak esango digu. Baina egitekotan ere ez da ezer handia izango”, zehaztu du alkateak.