Debabarreneko Mankomunitateak diru sail bat emango die zabor bilketan hobariak egingo dituzten udalei
Zabor bilketa zerbitzua mankomunitateak kudeatzen badu ere, herritarrei kobratu beharrekoa udalen bidez egiten dute. Horregatik, alor horretan hobariak egingo dituzten udalei bideratuko diete dirua.
COVID-19ak eragindako osasun larrialdiko krisi larriaren aurrean, eta alarma egoeran eskualdeko udalek hartutako neurrien “ondorioak gutxitzeko”, Debabarreneko Mankomunitateak 2. hiruhilekoko zabor tasan hobariak egin dituzten edo egin nahi dituzten udalei diru sail bat bideratuko die.
Zabor bilketa zerbitzua mankomunitateak kudeatzen badu ere, herritarrei kobratu beharrekoa udalen bidez egiten dute. Zenbait udalek, baina, alarma egoeraren ondorioz kaltetutako herritarrei tasa hori ez kobratzeko neurria hartu dute. Hain justu, horiei bideratuko die diru saila. Dena dela, oraindik hobaririk eman ez duten baina asmo hori agertzen duten udalei ere diru saila bideratuko dietela esan dute Debabarreneko Mankomunitateko ordezkariek.
Zerbitzua bere horretan mantendu dela ere mahairatu dute. “Mankomunitateak emandako zerbitzuen kostua mantendu egin da, funtsezko zerbitzutzat jotzen baita. Ondorioz, zerbitzua ez da eten nahiz eta alarma egoeran egon”. Zehatz esateko, zerbitzua indartu egin dutela esan dute, “desinfekzio protokolo bereziak ezarriz”.
Mutrikuko Udalak zabor tasan hobariak ezarri balitu edo asmo hori balu, Mutrikuri 20.817,15 euro jasotzea legokio.
Bestalde, Debabarreneko Mankomunitateak jakinarazi du gaur [ekainak 1] hasi direla herritarrei aurrez aurreko arreta eskaintzen.