Leire Etxanizek ez du Emakume Master Cup txapelketa amaituko
Etxebarriko pilotariaren ustez "arinegi" da. Etxaniz "familian hurretik bizitzen" ari da COVID-19aren eragina.
Leire Etxaniz EPEko pilotari etxebarritarrak ez du Master Cup txapelketaren binakako finalerdietan parte hartuko. Osasun larrialdia eta horrek ekarri dituen entrenamendu falta kontuan hartuta, “arinegi” dela dio Etxanizek. “Profesionalki horretan aritzen diren pilotariak ere ez dira oraindik itzuli”.
Azaldu duenez, maiatzean, finalerdia ekainaren 7an jokatuko zela jakinarazi zioten, eta arinegi begitandu zitzaion Etxanizi. Beraz, ez jokatzea erabaki zuen, eta Master Cup txapelketak ordezkoa bilatu zuen. Ekainaren 7ko data ezinezkoa izan da. Eusko Jaurlaritzaren eskariz atzeratu egin behar izan dute finalaurrekoa antolatzaileek, eta ekainaren 26an jarri dute data berria. Hala ere, erabakiari eutsi dio Etxanizek. Osasun larrialdiak kezkatu egiten duela argitu du, izan ere, hurretik bizitzen ari da COVID-19a: “Oraindik berrogeialdian ditut etxeko batzuk”.
Bestalde, ekainaren 26an eta 28an jokatuko dira finalaurrekoa eta finala, eta hori ere ez zaio egokia iruditu. “Pilotariek hilabete bi baino gehiago daramate ganoraz entrenatu gabe, eta bata bestearen atzetik jokatu beharko lirateke finalaurrekoa eta finala”. Gainera, data horretan jokatzeko aukera duten ere ez dietela galdetu zehaztu du. “Nik txandaka lan egiten dut, eta ekainaren 26an arratsaldez daukat lan egiteko txanda”.
Babes osoa. Emakume Pilotarien Elkarteak (EPE), pilotaria defendatu du ohar batean. Etxaniz, batez ere Master Cup-ari dagokionean, txapeldun handia dela azpimarratu dute. ” Jokatutako txapelketa gehienak berak irabazi ditu: binakako hiru txapelak eta banakako bi txapel (jokatutako hiruetatik). Ezbairik gabe, txapelaren neurrira eginda dago Etxaniz”. Hala ere, pandemiak ekarri duen egoerarekin eta bere buruarekin koherente jokatu duela esan dute: ” Ez du laugarren txapela lortzeko aukerak itsutu. Bere lehentasunak beste batzuk dira, eta koherentziaz jokatzea lehenetsi du”.
Emakume Pilotarien Elkarteak adierazten du ez dagoela ados Master Cup txapelketak hartutako jarrerarekin: “pilotarien behar eta nahiei begiratu beharrean bere probetxu eta interes propioak lehenesten ari delako”. Gogoratu dutenez, EPE elkartea lanean ari da pilotarien baldintzak duintzeko, bai txapelketa honetan eta baita, orokorrean, pilotaren munduan ere. Horregatik, babes osoa azaldu diote elkarteko kide den Leire Etxanizi. EPEren ustez, «kirol testuingurua ikustea besterik ez dago, profesional zein federatuen txapelketa eta partidu guztiak bertan behera geratu dira, eta oraindik ezin da jakin noiz hasiko diren».