Nere Erkiaga: "Benetakotasunez egindako agurren indarra handia da"
Heriotza agurren eta omenaldien garrantzia azpimarratu ditu Nere Erkiaga Hil Argi elkarteko kideak. Herri mailako omenaldiak egitea proposatzen du elkarteak.
COVID-19ak milaka pertsona hil ditu mundu osoan zehar. Epidemiaren une larrienean gainera, bakardadean, senideak ikusi ezinik hil dira gaixoak, eta senideek ere ez zuten agur zeremonia duin bat egiteko aukerarik izan. Baina heriotza agurrak eta omenaldiak garrantzitsuak direla dio Hil Argi Elkarteak. Hain zuzen ere, heriotza horien humanizazioan egin daitekeen lana onuragarria izango dela azaldu du Nere Erkiaga Hil Argi Elkarteko kideak, «bai doluan dauden herritarrentzat bai eta beste herritar guztientzat ere, elkartasuna adierazi eta bizitza guztien balioa adierazteko balio dezake».
Hil Argi Elkartea orain dela urtebete inguru sortu zen herritarrez osatutako elkarte bat da, eta bere helburua heriotzaren tabuagaz amaitu eta horren gaineko ezagutza gizarte mailan zabaltzea dute. Heriotzari buruz dauden alor ezberdinetako jakintzak zabaldu nahi ditu elkarteak, egitasmo ezberdinak aurrera eramanez, eta COVID-19aren aurrean heriotza agurrek duten garrantzia azpimarratu eta dauden baliabideen ezagutza luzatu dute. «Agurrek edo omenaldiek hil den pertsonak gugan izan duen garrantzia azpimarratu eta omenaldia egiteko, agurrean parte direnen emozioak adierazteko modua eskaintzeko, eta besteak beste, heriotzaren esanahiak partekatzeko balio dute», azpimarratu du Erkiagak.
Benekotasunez egindako agurren indarra handia dela dio. «Gertatzen da askotan agurrak erlijio kontuak edo egote sozial bat bihurtzen direla, besteen aurrean egin beharreko ekimen bat. Hori ere bada, baina guk dioguna da agurra berez hizkuntza humanoa dela, eta benekotasunetik eginda indar handia daukala bai hildakoari duintasuna emateko, bere bizia inportantea dela esateko, baita ere gure emozioak, doluan geratzen diran emozioak, bideratzeko. Horrek eragina dauka kontzientean eta inkontzientean, emozio horri errealitate bat emateko. Eta, gero, taldean, heriotza horren ideia barneratu eta taldean partekatzeko eta babesa sentitzeko».
Hiru agur mota. Pertsonak izaki sozialak direla ere badio Erkiagak, eta agur hori taldean egiteak, babesa eman eta heriotza hori barneratzen laguntzen duela azaltzen du. «Egungo osasun krisi egoeran hiru agur moten garrantzia azpimarratzen du Hil Argi Elkarteak. Batetik, isolamenduan ere agur intimoak egin ahal direla, gerora atzeratuko dan agur soziala edo hileta egin arren, itxaroten egon barik agur intimoak egin ahal direla, esate baterako teknologia erabilita».
Bigarrena agur soziala litzateke. «Posible denean egin egiteko esaten dugu. Badela garrantzitsua eta bakoitzak bere erara agur horiek egitea. Elizan egiten diren modura, edo hileta zerbitzuek ematen dituzten aukeren bidez, edo, aukera hori ez baduzu nahi, beste ideia batzuk ematen ditugu beste leku edo era baten nahi baduzu egin. Talde batzuk ere badaude horretara».
Azkenik, herri askotan koronabirus egoeran hil diren herritar asko egongo direla dio, bai COVID19agatik hildakoak zein bestela hildakoak. «Bakardadean hildakoak dira eurak eta bakardadean pasatutakoak euren senitartekoak, eta herri modura, komunitatean, egoera hori gertatu dela aitortu behar da, eta beste herritarroi inporta zaigula erakutsi. Hori jasan duten herritarrei babesa emateko eta herritar modura heriotzaren aurrean ahalduntze bat emateko ariketa sozial bat litzateke».
Ideia modura uste dute udala izan beharko litzatekeela agur kolektibo horien bideratzailea, herriko erakunde hautatua, baina agurrak ez direla instituzionalak izan behar dio. «Izan behar da herritarren arteko parte hartze bat, eta udalak baliabideak jarri eta bideratu egin dezake gidoia eta ekitaldia antolatuko duen taldea. Ekitaldi sinple bat, ez da behar askorik. Ordu erdiko ekitaldi batek lagunduko luke gertatutakoari gizatasuna ematen».
Hizkuntza sinbolikoa. Agurrak egiteko hizkuntza sinbolikoak eta kultur sorkuntzek duten indarra ere handia dela adierazten du Hil Argi Elkarteak. «Hizkuntza sinbolikoa sarritan erlijioagaz lotzen da: kandelak, argia, ura, loreak… Baina sinbolo horiek betidanik erlijioek erabili badituzte ere hizkuntza sinbolikoa dira, unibertsala, eta horiek gizarte mailan berreskuratu eta erabiltzea proposatzen du Hil Argi Elkarteak». Horiekin batera, kultur sorkuntzek (kantuak, musikak, bertsoak…) duten pertsonen barrenera heltzeko gaitasuna kontuan hartuta, hil den pertsonaren bizitzaren esanahiak osatzeko baliabide bezala erabiltzea proposatzen dute. «Taldean egiten badira ulertu egiten dira eta emozioak irten egiten du».