Erosketa zerbitzua amaitutzat eman du Mutriku Zaindu herri ekimenak
Erosketa zerbitzua amaitutzat eman badute ere, zaintza sareak aurrera jarraituko duela azpimarratu dute. Ekimenari buruzko balorazio positiboa egin dute.
COVID-19ak eragindako krisiaren aurrean, eta horrek ekarri dituen ondorioei erantzuteko Mutriku Zaindu sare herritarra sortu zuten martxoan. Azken hilabeteotan etxetik atera ezin ziren herritarrei erosketak egiteko zerbitzua izan dute martxan, orain, egoera aldatu egin dela eta, egitasmo horrekin amaitzea erabaki dutela jakitera eman dute. Hori bai, erosketa zerbitzua amaitutzat ematea erabaki badute ere, zaintza sareak aurrera jarraituko duela azpimarratu dute.
Programako arduradunen iritziz, hasierako helburuak bete dira, eta beharra zuten herritarrei oinarrizko zerbitzu bat eskaintzeko gai izan dira. “Beraz, eskerrik asko guztioi. Ziur gaude Mutriku Zaindu bezalako sare herritarrak oinarri sozial garrantzitsu bat izan daitezkeela aurrera begira egon daitezkeen krisi sozioekonomikoetarako, eta, beraz, erosketak egiteko abiatutako zerbitzua, momentuz, bukatutzat ematen badugu ere, Mutriku Zaindu sareak martxan jarraituko du unean uneko beharrei erantzuten saiatzeko asmoz”.
Ekimena oso arrakastatsua izan dela nabarmendu dute, eta horri buruzko balorazio positiboa egin dute. “53 laguneko boluntario sarea osatu genuen, eta 42 dei jaso ditugu guztira telefonoan. Nahiz eta egin diren erosketa kopurua gehiago izan diren. Mila esker boluntario guztiei eta baita telefonora dei egin duzuen herritar guztiei ere. Egitasmoa honek balio izan digu ohartzeko oraindik ere Mutrikun familia, lagun talde eta atari bereko zaintza sareek martxan jarraitzen dutela, eta ederra da hori! Zorionak Mutriku!”.