LGMed europar proiektu berria lideratuko du Leartikerrek
Medikuntza gailuen proposamen berritzaileak finantzatuko ditu Markina-Xemeingo zentro teknologikoak. Proposamenak aurkezteko epea zabalik dago ekainaren 15era arte.

Leartiker Markina-Xemeingo zentro teknologikoak europar proiektu berri bat jarri du abian. Jakitera eman dutenez, Leartikerrek berak zuzenduko du proiektua eta beste europar eta Espainiako erakunde batzuekin elkarlanean arituko da.
LGMed bi urte eta erdiko iraupena duen europar lankidetza proiektua dela azaldu dute: “bere helburu nagusia Akitania-Euskadi-Nafarroa herrialdeko polimeroen enpresen dibertsifikazioa osasun eremurantz hobetzea da, medikuntzako gailuen lau prototiporen garapena sustatuz”. Leartikerregaz batera beste bost bazkidek parte hartzen dute proiektuan: Nafarroako Klinika Unibertsitarioak, Toulouseko Centre Hospitalier Universitairek, Nafarroako Industria Elkarteak, Baionako Merkatu Ganberak eta Pauko Unibertsitateak. Martxoaren 12an ospatu zuten partzuergoaren lehen bilera, eta proiektuaren komunikazioarekin eta aukeren bilaketarekin lotutako lehenengo ekintzak abian jarri zituzten.
Proposamenen finantziazioa. “Proiektuaren baitan egin den lehenengo ekintzetako bat termoplastiko eta LSR silikonaz garatutako medikuntza-gailuen proposamen berritzaileak jasotzeko mailing bat egitea izan da espezializazio honetan lan egiten duten enpresen artean”, azaldu dute. Izan ere, Leartikerrek medikuntza-gailuen proposamen berritzaileak finantzatuko ditu LGMed proiektu horren bitartez. “Programaren luzera kontutan izanda, 2022ko maiatzean bukatuko da, jasotako proiektuen artean izaera berritzaileena eta merkatura denbora epe motzean irteteko ahalmena dutenak lehenetsiko dira”.
Proposamenak aurkezteko epea zabalik dago ekainaren 15era arte, eta parte hartzeko galdetegia eta proiektuaren fitxa bete edo Leartikerrera deitu behar da.
“Proiektu honen baitan sustatuko den zentro teknologiko, unibertsitate eta ospitaleen arteko elkarlanari esker, garatzen diren gailuek erantzuna emango diote osasun sektoreak duen beharrizan errealari”, esan dute. Proiektuaren azken helburua medikuntza gailuen 4 prototipo garatzea dute, eta horiek industria sektorera eramateko prestatzea.