Nekane Murga: "Erregistratutako kasu berrien beherakada nabarmena izan da"
Bederatzigarren egunez jarraian, Lea-Artibain eta Mutrikun kasu berririk erregistratu barik jarraitzen dute. Sailburuak esan du, Zaintza eta Kontrol Planari esker antzematen diren kasu berrien eta haien kontaktuen kudeaketa "lasai" ari direla kudeatzen. Azken 24 orduetan bakarrik Araban erregistratu dituzte kasu berriak (4).

Eta beste egun bat Lea-Artibain eta Mutrikun kutsatu berririk erregistratu gabe; bederatzigarren egunez jarraian, eskualdean ez dute COVID-19arekin kutsatutako kasu berririk antzeman. Guztira, pandemia hasi zenetik 94 positibo erregistratu dituzte eskualdean:
- Lekeitio: 23 positibo
- Ondarroa: 20 positibo
- Markina-Xemein: 18 positibo
- Mutriku: 14 positibo
- Berriatua: 6 positibo
- Etxebarria: 4 positibo
- Mendexa: 3 positibo
- Aulesti: 2 positibo
- Amoroto: 1 positibo
- Ispaster: 1 positibo
- Gizaburuaga: 1 positibo
- Ziortza-Bolibar: 1 positibo
Lurraldeei dagokienez, gaur [ekainak 2] 00:00ak arteko datuen arabera, ondokoak dira lurraldez lurralde PCR proban positibo eman duten kasu berriak:
- Araba: 3.010 positibo (4 kasu gehiago azken 24 orduetan)
- Bizkaia: 7.610 positibo (=)
- Gipuzkoa: 2.313 positibo (=)
Ospitaleratutakoei dagokioenez, gaur goizaldera arteko datuen arabera 27 pertsona daude ZIUn (atzo baino 2 gutxiago). Eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuak kontuan hartuta, RO 0,72 dela diote (barikuan baino 0,03 altuagoa).
Gaurko [ekainak 2] datuen arabera, guztira, pandemia hasi denetik 16.547 pertsona sendatu dira (%83,2). Oraindik sendatu ez direnak, aldiz, 1.804 dira (%9), eta hildakoak 1.543 (azken orduetan 2 pertsona hil dira).
Egoera epidemiologikoaren irakurketa egiteaz batera, Nekane Murga sailburuak esan du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ez dagoela aldaketarik asistentzia gaitasunean: “Euskadik pandemiaren unerik zailenean erakutsi du gai dela ospitaleko tentsioa bere gain hartzeko sareko lanari esker”. Horrez gain, gaineratu du kasu berrien kopuruak behera egin duela eta pandemiarako Zaintza eta Kontrol Planari esker, kasu horien eta haien kontaktuen kudeaketa “lasaia” ari dela izaten.
Bestalde, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak azpimarratu du Eusko Jaurlaritza alde biko lanean ari dela 2. fasetik 3. faserako bilakaeran. “Estatuak lurralde guztietarako ezarriko dituen behin betiko baldintzak oraindik ezagutzen ez diren arren, Eusko Jaurlaritzak, sail bakoitzak egindako plangintza xehatuaren arabera, proposamen bat helarazi dio Espainiako Gobernuari, Euskadiko errealitatetik hurbilago dagoen ezagutza batetik eratorritako berezitasunekin”. Zehatz esateko, 3. Faserako ondoko neurriak proposatu ditu Jaurlaritzak:
- Mugikortasuna eta ordu tarteak: Hiru lurraldeen arteko mugikortasuna baimendu, bai eta mugakide diren beste autonomia erkidego batzuetara ere, fase berean baleude. Hori bai, harduera fisikoa garatzeko adinekoentzako eta pertsona zaurgarrientzako lehentasunezko tarteari eustea proposatzen dute.
- Garraioa: 3. Fasean % 100eko maiztasunak eta edukierak garraio publikoaren modalitate guztietan (masakararen erabilerak derrigorrezkoa izaten jarraituko du). Tenperatura kontrolak egingo dituzte.
- Ostalaritza, turismoa, elkarteak eta merkataritza: Saltoki, denda eta merkataritza guneetako edukiera% 60ra handitzea eta tabernak, jatetxeak eta elkarte gastronomikoak edukiera mugarik gabe, 2 metroko distantziarekin barruko eta terrazetako mahaien artean.
- Kultur jarduerak, kirola eta aisialdia: liburutegiak, zinemak, antzokiak, hitzaldi aretoak, gune irekietako ekitaldiak… (%50eko edukiera). Goi mailako arrauna eta pilota: entrenamenduen hasiera.
- Udalekuak: Haur eta gazteei zuzendutako eguneko aisialdiko jarduerak % 50eko edukierarekin, eta gehienez 80 lagun barruko espazioetan eta % 50eko edukiera, eta gehienez 200 pertsona espazio irekietan (begiraleak barne). Jarduerak gehienez 12 pertsonako taldeetan antolatuko dira, begiraleak barne.