Gorka Urresti Biteri: "Konfinamendua sukaldean egiteko garai aproposa izan da"
Garaian garaiko produktuekin osatutako asmakizunak eta sukaldean duen trebezia pantailaren bestaldean egon direnekin partekatu ditu Urrestik konfinamendu garaian.
Gorka Urresti Biterik (Ondarroa, 1979) ibilbide profesional guztia sukaldari modura darama lanean. Euskal gastronomia tradizionala da bere plateretako erreferentea, eta orain gutxi estreinatu duen Youtubeko kanalean ere horri jarraipena eman dio. Etxean kasualitatez sortutako proiektua herritarren artean oso ezaguna bihurtu da, eta espero barik, herri mailako youtuber bihurtu da.
Zelan bururatu zitzaizun Youtuben sukaldaritzari buruzko kanal bat zabaltzea?
Alarma egoera ezarri, eta konfinamenduko lehen egunean kalera ezin zenez irten, eskulanak egiten ibili ginen etxean. Paperezko sukaldari txapel bat egin genuen alabak eta biok, eta aspertuta geundenez, bideo bat grabatzea erabaki genuen; etxekoekin denbora pasatzeko beste modu bat izan zen, egia esan. Bideo hori gero, kuadrillakoei bidali genien, eta hor hasi zen dena.
Esperientzia ez zen Youtuben hasi orduan?
Ezta pentsatu ere! Hasierako bideoak WhatsAppetik bidaltzen nizkien kuadrillakoei; muntatu gabeko bideoak izaten ziren, hiru bat zatitan grabatuta. Bideo horiek oso azkar elkarbanatu ziren herritarren artean. Erosketak egitera jaitsi, eta hark edo besteak ikusi ninduela aipatzen zidan. Hortik, kuadrillako batzuk Youtubeko kanal bat zabaldu behar nuela esaten hasi ziren, baina nik ez dakit ezer informatikako kontuei buruz. Eurak moldatzen baziren ni prest nengoela esan nien, eta, hala, Youtubeko kanala zabaldu zidan Urko Diezek. Iñigo Zabala, bestalde, laneko WhatsApp taldean dago, eta bera hasi zen bideoen muntaiak egiten, eta gerokoan ere berak eduki du ardura hori.
Zeuk grabatzen dituzu bideoak, edo norbaitek laguntzen dizu?
Etxekoek egiten dituzte grabaketak; June (alaba), Beñat (semea) eta Laura (emaztea) aritzen dira horretan. Etxeko mugikorrekin ahal dugun modura moldatzen gara dena grabatzeko.
Kameraren aurrean ederra daukazu etorria. Grabazio asko errepikatu dituzue?
Baita zera ere! Grabatzen dugun modura muntatzen da gero bideoa, ez dugu errepikapenik egiten. Makarroiei, esate baterako, tomatea nahi baino arinago botaz gero, horrela geratuko lirateke; ni ez noa berriro makarroiak egitera.
“Edozein sukaldetan prestatzen diren plater tradizionalak prestatu ditugu”
Eta zergatik Kitxicook?
Aita Kitxarra ezizenagaz ezagutzen zuten, eta niri txikia nintzenetik askok Kitxi deitu izan didate, eta cook ingelesez sukaldatzea denez, hitz joko horregaz asmatu genuen berba.
Zelako errezetak elkarbanatu dituzu?
Askotariko errezetak egin ditugu, egia esan: okela, arraina, paellak, zopa, gozogintza… Etxeko edozein sukaldetan egiten diren plater tradizionalak prestatu ditugu. Errezeta normalak dira, eta ez dute inongo zailtasunik; normalean hozkailuan aurkitzen diren osagarriekin prestatu ditugu, gainera. Ezagun askok ere lehengaiak ekarri dizkigute, eta horrek aprobetxatuta plater bat edo beste prestatzeko aukera ere eduki dugu. Egin nahi nituen gauza batzuk egiteke geratu dira, baina azkenean horiek guztiak egiteko denbora barik geratu gara.
«Ze nezesidade» esaldia sarri-sarri errepikatzen da bideoetan. Falta ezin den osagaia bihurtu da?
Denerako erabiltzen dudan berba izan da. Kabaretean Fede Badiolak asko erabiltzen zuen, eta gero neu ere erabiltzen hasi nintzen, nahi barik.
Konfinamendua arintzen doa, eta Kitxicookek egin du berea?
Orain ez gaude etxean sartuta. Proiektuak jende askoren lana eskatzen du, eta oraingoz, amaitzea erabaki dugu. Gure helburua konfinamenduan geunden bitartean egunero-egunero errezeta bat egitea izan da, eta hori bete dugu. Hori betetzea ez da gutxi; behin ere ez dugu hutsik egin. Maiatzaren 23an eskegi genuen azkenengo errezeta; 69. errezeta izan zen, hain zuzen. Eta proiektua agurtzeko beste bideo bat ere egin genuen: Eroze izeneko umorezko bideo berezia grabatu genuen. Hemendik aurrera lantzean behin elkarte gastronomikoren batean batu eta bideoren bat edo beste grabatzeko asmoa daukagu. Gure asmoa gonbidatu bereziak ekartzea da, eta ezustekoren bat edo beste ere egon liteke.
“Minutu bat bada ere barre egitea eta egoera ahaztea zen helburua”
Zelako balorazioa egiten duzu?
Esperientzia polita izan da; balorazio positiboa egiten dut. Egunak egon gara etxe barruan sartuta, eta zerbait desberdina egiteko balio izan digu. Etxe kartzelan egon garen tarterako ondo egon da.
Zein izan da helburua?
Jendeak konfinamendu garaian barre batzuk egiteko hasi nintzen bideoak grabatzen. Jendeak ondo pasatzea zen helburu nagusia; geunden egoeran minutu bat bada ere barre egitea eta egoera ahaztea zen helburua. Hasiera batean hamabost bat eguneko gauza izango zela pentsatzen genuen, eta espero barik, 69 bideo grabatu eta sareratu ditugu, egunean bana; egun bat bera ere ez dugu huts egin.
Eta jendeak igo dituzun errezetak prestatu ditu?
Jendeak egin ditugun errezetetako asko etxean egin dituela esan dit, eta horrek asko poztu nau.
Proiektu honek zer eman dizu?
Kanpoan bizi den lagun batek orain arte sukaldean egiten zuen, baina ez hainbeste. Orain egin ditugun hainbeste errezeta prestatu dituela esan dit. Gure kuadrillan ere sukaldatzen ez zuen jende asko ere animatu da plateren bat edo prestatzera. Horrek sekulako poza eman dit. Jendeak, gainera, errezetak prestatu dituela esan dit edo lehen beste era batera egin zituela baina orain guk egindako erara… gauza politek irten dute hemendik. Egia esan, konfinamendua sukaldean egiteko garai aproposa izan da.