Geoibilbideen sareko ibilbideak formatu interaktiboan egiteko aukera dakar Geoparkeak
Mutriku, Deba eta Zumaiako ondare naturala eta kulturala ezagutzera ematea helburu duten geoibilbideen sareko sei ibilbideak pdf formatu interaktiboan ezagutzera eman dituzte, mugikorrean deskargatu eta eramateko.
Euskal Kostaldeko Geoparkeak proposamen berri bat dauka eskuartean. Agertu dutenez, Mutriku, Deba eta Zumaiako ondare naturala eta kulturala ezagutzera ematea helburu duten geoibilbideen sareko sei ibilbideak pdf formatu interaktiboan ezagutzera eman dituzte, horiek gero mugikorrean deskargatu eta eramateko. “Geoparkearen ondare geologikoa ezagutu eta balioan jartzeko sortu da material hau. Pdf formatuan dago eskuragarri erabiltzaileak mugikorrean deskargatu eta ibilbidea egiten duen bitartean gainean eramateko. Material hau orain arte zeuden geoibilbideen gida liburua eta panelak osatzera dator, ibilbideetan zehar dauden interesgunean modu erraz baina zehatz batetan ezagutzeko”.
Pdf interaktibo horiek Geoparkearen webgunean daude eskuragarri. Bertan ibilbidea egiteko behar den informazio guztia aurki daiteke: abiapuntua, iraupena, hasiera puntura iristeko beharrezko argibideak, interesguneak eta ibilbidearen mapa interaktibo bat, besteak beste. “Geoibilbide hauetan, Algorriko altxor geologikoa, Elorriagako biotopoko behatoki handia, Sakonetako senadi eta labar basatiak, Lapariko flysch beltza, Olatz harana eta Zumaian hasi eta Deban amaitzen den Talaia ibilbidea ezagutuko dituzu, azken honi flyscharen ibilbidea ere deitzen zaio”. Ibilbideak balizatuak eta interpretatuak daude, eta luzera desberdinak dituzte; kilometro eta erdikoa da laburrena eta hamalau kilometrokoa luzeena. Materiala euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez dago eskuragarri.