Girona futbol taldeak Enetz Leon ondarrutarra fitxatu du
Gazte mailako taldeagaz debutatuko du aurrelari ondarrutarrak. Hiru urterako fitxatu dute.
Girona futbol taldeak (Manchester Cityk kontrolatutako taldeak) azken denboraldia Bilboko Danok Bat futbol taldeko kadeteetan aritu den Enetz Leon fitxatu du. Herrialde Katalanetako taldeak jakitera eman duenez, futbol jokalari ondarrutarra gazte mailan ariko da hurrengo denboraldian; hiru urterako fitxatu dute (gazte mailako etapa guztia, alegia).
Aurrelari ondarrutarrak hainbat talderen artean interesa piztu du. Betis taldeak, esaterako, proba bat egitea eskaini zion martxoan, baina koronabirusa dela eta, bertan behera geratu ziren proba horiek. Leonek denboraldi bakarra egin du Danok Baten. Aurretik hiru denboraldi egin zituen Eibarko kategoria txikietan (denboraldi bat kadeteetan eta bi denboraldi txiki mailan) eta Zubi Zahar taldean (gaur egun, Aurrera dena).