Lea-Artibai eta Mutrikuko jubilatu elkarteak hasi dira ateak zabaltzen
Ireki duten elkarteetako bulegoak ohiko ordutegian hasi dira zerbitzua ematen. Besteak beste, Ondarroako Antiguako Ama eta Mutrikuko Anaiarte Biltokia zabaldu dituzte.
Koronabirusaren aurreko prebentzio neurri legez jubilatu elkarteak itxi zituzten martxoaren erdialdean, eta orain horietako asko eta asko zabaltzen hasi dira. Ondarroan, esaterako, gaur [ekainak 9] zabaldu dute Antiguako Ama elkartea. Udal iturriek zehaztu dutenez, ohiko ordutegian egongo da zabalik; baita elkarteko bulegoa ere. Elkarteko zuzendaritza taldekoak martitzenetan eta eguenetan egongo dira bulegoan, 17:30etik 19:00etara.
Mutrikun, bestalde, astelehenean [ekainak 8] hasi zen martxan Anaiarte Biltokia. Bertako arduradunek jakitera eman dutenez, bulegoko ordutegiari “ohi modura” ekingo diote. Honako egun eta ordutegian emango dute zerbitzua: astelehen, eguazten eta barikuetan, 10:00etatik 11:30era. “Urteko bazkidetza egiteko edo beste edozein duda argitzeko bertan izango gaituzue”.