Ondarroako jaietan zer egin pentsatzen hasteko batzarra antolatu dute
Kultura Batzordea eguenean egingo dute Kofradia Zaharrean. Baieztapena bidaltzeko eskatu dute.
Koronabirusak eragindako osasun krisia dela eta, aurten ezingo dira Andra Mariak ohi modura ospatu Ondarroan. Aritza Aristondo Natxiondo Kultura zinegotziak udalak jaien antolakuntzaren inguruan daukan asmoa azaldu nahi die herriko eragileei, eta horretarako, Kultura Batzordea egingo dute eguenean [ekainak 11]. Hitzordua 19:00etan ipini dute Kofradia Zaharreko bigarren solairuan.
Aristondok agertu duenez, jaietan ekintzen antolakuntzan aritzen diren talde, elkarte eta eragileei egoera nola dagoen eta nola aurreikusten den azaltzea da asmoa, eta horrekin “abuztuaren erdialdean zer egin daitekeen eta zer ez aztertzeko denen artean. Hartzen diren erabaki guztiak segurtasun eta osasun arloko arau eta gomendio guztiak jarraituz hartuko dira”.
Kultura Sailak azpimarratu duenez, batzarrera doazenei baieztapena bidaltzeko eskatuko diete, aforo arazorik ez egoteko. Bertaratzeko asmoa dute eragileek jrosa@ondarroa.eus helbide elektronikora idatzi besterik ez dute edukiko. Era berean, batzarrera maskara eramateko ere gogorarazi dute.