Berriro zabalik daude Ondarroako Turismo Bulegoa, Kofradia Zaharra eta liburutegia
Turismo bulegoan zerbitzua normaltasunez eskaintzen hasi dira eta Kofradia Zaharreko bi gelak erabilgarri badaude ere, egunean ekitaldi bakarra egin ahalko da areto bakoitzean. Liburutegiko ikasgelak ere zabalik daude, baina aforoa mugatuta dago.
Osasun alarma egoera kudeatzeko Koordinazio Mahaiak azken bileran hartu zituen erabakiei jarraituz, hainbat udal instalakuntza berriro zabaltzea erabaki dute Ondarroan. Turismo Bulegoa eta Kofradia Zaharreko bi gelak martitzenean [ekainak 9] zabaldu zituzten eta Txomin Agirre udal liburutegia, berriz, gaur [ekainak 11] zabaldu dute. Turismo Bulegoan, esaterako, zerbitzua normaltasunez eskaintzen hasi dira egunero, neguko ordutegiagaz (12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara). Astelehenetik [ekainak 15] aurrera, berriz, udako ordutegiagaz hasiko dira martxan. Honakoa izango da ordutegia: 10:30etik 14:30era eta 16:30etik 20:30era.
Kofradia Zaharreko bi gelak ere erabilgarri daude, baina horien erabilera zorrotzagoa izango dela jakitera eman dute. Egunean ekitaldi bakarra egin ahalko da areto bakoitzean, sartu aurretik tenperatu hartuko zaie bertaratzen direnei eta eskuak garbitu beharko dituzte. Aforoa %60koa izango da; denetara, 36 lagun sartu ahalko dira gela bakoitzean, guztiak nahitaez jarrita egon beharko dute, derrigorrezko distantziak mantenduz. Kofradia Zaharra erabili nahi dutenek aldez aurretik erreserba egin beharko dute ohiko bideetatik; Turismo Bulegora bertaratuta, turismobulegoa@ondarroa.eus posta elektronikora idatzita edo 94-683 19 51 telefono zenbakira deituta.
Txomin Agirre udal liburutegiko mailegu zerbitzuak orain arte modura jarraituko duela adierazi dute. Astelehenetik barikura egongo da zabalik, ohiko ordutegian: 09:30etik 13:00etara eta 15:30etik 20:00etara. Liburutegi arteko mailegu zerbitzua, berriz, astelehenetik [ekainak 15] aurrera ipiniko dute martxan. Haur liburutegia, hemeroteka, liburuen apalak eta ordenagailuak oraingoz ez direla erabilgarri egongo nabarmendu dute.
Ikasleku zerbitzua ere gaur zabaldu dute, baina aforoa %60ra mugatuta egongo da; denetara, bederatzi lagun egon ahalko dira ikasgela barruan, eta sei ikasgelatik kanpo. Bakoitza bere mahaian egongo beharko da, eta ikasleen artean segurtasun tarteak mantendu beharko dira. Aforoa mugatua denez, ikastera joateko lekuak erreserbatu egin beharko dira. Zerbitzua erabili nahi dutenek liburutegia@ondarroa.eus posta elektronikora idatzi edo 94-683 33 43 telefono zenbakira deitu beharko dute. “Erabiltzaile bakoitzak aldi berean bi egunetako erreserba egin ahalko du. Egun bakoitzean txanda bakarra erabili ahalko da, eta lekua egonez gero, bigarren txandaren erabilera ere egin ahalko du ikasle berak”.
Egunean bi aldiz garbituko dute liburutegia, eguerdian eta iluntzean, eta esan dutenez, horren arabera antolatuko dituzte txandak, “ahalik eta ikasle gehienei ikaslekua erabiltzeko aukera emateko”. Ikasleak, bestalde, dagokion zenbakia duen mahaian eseri beharko dira, eta goiz erdian leku hori libre geratzen bada ere, hurrengo txandara arte ezingo da leku horretan inor jarri, eguerdian garbitu arte.