Debabarreneko industria eredua berpiztearen alde sinatu dute alkateek eta Enpresa Elkarteak
Adierazpena lau helburu lortzeko asmoarekin sinatu dute. Besteak beste, eskualdearen industrializazio jasangarria indartu eta hobetzeko ahalegina egingo dute.
Industria jarduera eta enplegua indartzea helburua duen Debabarreneko industria eredua berpiztearen aldeko adierazpena sinatu dute gaur [ekainak 11] Debegesaren bulego nagusian eskualdeko alkateek eta Basque Precision Technology District Enpresa Elkarteak. Bertaratu diren agente guztiek argi utzi dutenez, industriaren aldeko lankidetza jarduerak babesteko momentu egokia da, “egun bizi dugun osasun krisi egoerak ekar ditzakeen ondorioei aurre egiteko elkarlana sustatu behar da, industria bultzatuz”.
Enpresa sare lehiakor eta iraunkorra sustatzeko helburuarekin, eta garapen industriala bultzatzea lehenetsiz, industria eredua berpiztearen alde egin dute Debegesako Administrazio Kontseiluko kide diren eskualdeko alkateek. “Debabarreneko alkateok sarritan adierazi dugu bokazio ukaezina duela eskualdearen industrializazioa indartzeak, eta bide horretan estrategia zehatzak eta udalerrien arteko lankidetza bultzatu ditugu”.
Eduardo Zubiaurre BPTD Enpresa Elkarteko presidenteak ere argi utzi du eskualdeak industria bokazio argia duela betidanik, eta horren aldeko apustua egiten jarraitu beharko dela. “Orain inoiz baino gehiago etorkizuneko industria sustatuko dugu, jasangarria eta klimarekiko errespetuzkoa”.
Adierazpena lau helburu lortzeko asmoarekin sinatu dutela azpimarratu dute:
- BPTD Enpresa Elkartearen lankidetza jarduerak babestea, eskualdearen eta industriaren alde.
- Eskualdearen industrializazio jasangarria indartzeko eta hobetzeko bokazioa areagotzea, klimaren aldeko errespetuz.
- Ahalegin publiko-pribatu horretan udalez gaindiko administrazioen parte hartzea eskatze, lurralde oreka hobetu eta Debabarrenaren ahalegin eta bokazio industriala gehiago aitortzeko.
- Inguruko eskualdeekin elkar hartzea lurralde oreka ahalbidetuko duen estrategia bat ahalbidetzeko.