Patxi Ruizen aldeko eskualde mailako manifestazioa egingo dute Ondarroan
Manifestazioa domekan egingo dute. 13:00etan ipini dute hitzordua Ondarroako Zaldupe zubian.
Patxi Ruiz euskal preso politikoak eguaztenean [ekainak 10] laga zuen gose greba, 31 eguneko protesta (lehen 12 egunak egarri greban ere) egin ostean. Haren aldeko mobilizazio ugari egin dira azken asteotan Lea-Artibai eta Mutrikun, eta dinamikari amaiera emateko domekarako [ekainak 14] eskualdeko manifestazioa deitu dute hainbat eragilek. Manifestazioa 13:00etan hasiko da Ondarroako Zaldupe zubian Patxi duintasun eredu, Amnistia osoa lelopean. Antolatzaileek iragarri dutenez, herri guztia zeharkatu ostean, protesta Itsas Aurren amaitzeko asmoa dute. “Osasun berme guztiak beteta eta errespetatuta egingo dugu protesta”.
Ondarroan, esaterako, azken asteotan hiru bidar egin dituzte elkarretaratzeak; gaur [ekainak 11] egingo dute azkena, 20:00etan, Alamedan. “Udaletxeko gose grebagaz hasitako dinamikari gaur emango diogu amaiera”. Agertu dutenez, domekako manifestazioari buruzko xehetasunak emango dituzte, eta, ohi modura, Ruizen osasun egoerari buruzko informazioa ere helaraziko diete bertaratuei. “Dakigunez, oso ahul dago Patxi. Bere lagunekin egoteko aukera eduki dugu, eta esan digutenez, oinez egiteko ia indarrik ere ez du. Kartzelako modulu batean sartu dute, eta beste hiru kideren laguntza ari da jasotzen orain momentuan; horien babesa du uneoro”. Mutrikun ere egunero egon dira batzen biribilgunean parean. Ruizek protesta utzi zuela jakitearekin batera, atzo [ekainak 10] egin zuten azken elkarretaratzea.