Danonartin elkarteak janari bilketa berezia egingo du hilaren 19 eta 20an
Elkarteko kideek agertu dutenez, hurrengo banaketari aurre egiteko herritarren laguntza beharrezkoa dute. Herriko zortzi dendaren aurrean egingo dute bilketa.
Danonartin elkarteko kide eta boluntarioek elikagai bilketa berezia egingo dutela jakitera eman dute. Hain zuzen ere, elkarteko boluntarioek Ondarroako zortzi janari dendaren kanpoan (Artabideko Mertxe, Txist, Berdura Plazako Bikiak, Sabai, Kaleandiko Ana, Aitor, Zaton eta Eroski) kutxak eta mahaiak ipiniko dituzte, herritarrek elikagaiak bertan laga ahal izateko. Bilketa, ohi modura, asteburuan egingo dute, honako ordutegian: ekainaren 19an (barikua) 17:00etatik 20:00etara eta ekainaren 20an (zapatua) 10:00etatik 13:00etara.
Elkarteko kideek janari bilketa berezian parte hartzera animatu nahi dituzte herritarrak. Azpimarratu dutenez, COVID-19ak herritar guztiak gogor astindu ditu, baina zeresanik ez egunerokoari aurre egiteko lehendik ere zailtasunak zituzten familiei. “Honen guztiaren eraginez, bikoiztu egin dira elikagaiak hartzen dituzten familiak. Hala eta guztiz ere, Danonartin elkarteak laguntzaile guztiei esker bere betebeharrei aurre egin, eta hilero janari banaketa egin ahal izan du”. Aipatu dutenez, hurrengo banaketarako esfortzu berezia egin beharko lukete, eta hori dela eta, herritarrei laguntza eskatzea erabaki dute. “Herriaren eta herritarren laguntza behar dugu. Danonartin elkartetik eskerrak eman nahi dizkiegu urte guztian, eta, bereziki, egoera zail honetan gurekin egon diren guztiei; beraiek gabe gure lan ezinezkoa litzateke”.