Jairik ospatu ez arren, Kultur Uheri egitasmoa ipiniko dute martxan Ondarroan
Herriko taldeekin batera, kultur agenda bat osatuko dute uda sasoirako; astero egongo dira ekintzak, baimenduta dauden formatuetan.
Andra Mari jaiak bertan behera geratu direla jakitera eman du Ondarroako Udalak. Eguenean [ekainak 11] batu zen Kultura batzordea, eta egoera zelako den ikusita, aurten jairik ez ospatzea erabaki zuten. Kultura zinegotziaren proposamena aho batez onartu zuten bertaratu ziren herriko eragileek. Jai nagusirik ospatuko ez bada ere, Kultur Uheri deritzon egitasmoa martxan ipiniko duela iragarri du udalak. Herriko taldeekin batera, kultur agenda osatuko dute uda sasoirako; astero egongo dira ekintzak, baimenduta dauden formatuetan.
“Jaiak bertan behera geratu dira. Jaien muina jendea elkartzea da, eta gauden egoeran egonda hori ez da bideragarria” esan du Aritza Aristondo Natxiondo Kultura zinegotziak. “Jaiak ez ditugu antolatuko, baina argi daukagu kulturak jaietan eduki ohi duen lekua eduki behar duela aurtengo udan ere. Horretarako, astero-astero antolatuko dugu ekintzaren bat, izan herriko talde edo sortzaileren baten ikuskizuna edo izan kanpotik etorritakoa”. Aristondok azpimarratu duenez, kultur sektoreak inoiz baino bultzada handiagoa behar du, eta herria ere kultura gosez dago, beraz, baimenduta dagoen eta arau guztiak betez, kultur agenda bat osatuko du udalak: Kultur Uheri. “Kultur arloko artistak, sortzaileak, teknikariak… krisi gogorra jasan dutenetako herritarrak dira. Egiten dutena baloratu behar digu, eta erakusteko plaza eskaini. Kulturarik barik atzera goaz”.
Udal ordezkariek azaldu dutenez, bi formatutako ekintzak aurreikusten dira Kultur Uheran: herriko frontoian egin daitezkeenak ikuskizunak eta kalean zehar egin daitezkeen ekintza dinamikoak; azaldu dutenez, kalekoak, beti ere, baldintzek uzten badute egingo dira. “Herriaren erdian ikuskizunak egiteko aproposa den frontoia daukagu, eta aforoa murriztua izango den arren, hainbat kultur ikuskizun eskaini ahal izango ditugu bertan”.
Ikuskizunen bat eskaini nahi duten herriko taldeek, euren proposamenak bidaltzeko aukera edukiko dute. Horretarako interesa dutenak ekainaren 22a orduko bidali beharko dituzte jrosa@ondarroa.eus posta elektronikora. Udal iturriek agertu dutenez, jasotzen diren proposamenak hilaren 23an egingo den Kultura batzordean aztertuko dituzte, “agenda denen artean osatzeko”.