Hilaren 21etik aurrera Espainiako estatu osoan zehar mugitu ahalko da
Pedro Sanchezek hala iragarri die autonomia erkidegoetako presidenteei, azken telebileran. Derrigorrezko bi asteko berrogeialdia kenduko dute.
Pedro Sanchezek autonomia erkidegoetako presidenteei aurreratu dienez, Espainiako Gobernuak hilaren 21ean irekiko ditu mugak Schengen eremuan dauden herrialdeekin. Egun horretatik aurrera baita ere, Espainiako estatu osoan zehar mugitu ahal izango da. Ondorioz, Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga gaur zortzi irekiko da, eta alde bateko eta besteko euskal herritarrek lanerako ez den beste zeregin batzuetarako zeharkatu ahal izango dute. Sanchezek argudiatu du koronabirusaren eboluzioa ona dela, eta ekainaren 21etik aurrera ez dela egin beharko derrigorrezko bi asteko berrogeialdia.
Alarma egoera ezarri eta mugak itxi zirenetik, erabat eten dira zenbait eremutan mugaz besteko joan-etorriak. Horregatik, Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga irekitzeko hainbat eskari izan dira. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Alain Rousset Akitania Berriko prefetak hala eskatu zieten Pedro Sanchezi eta Edouard Philipperi.
Jose Luis Santano Irungo alkateak Euskadi Irratian esan du berri ona dela hori, mugaz bi aldeetan bizi eta lan egiten duten bizilagun asko baitaude. Zehaztu du, gainera, mugaren itxierak zailtasun ekonomiko handiak eragin dituela zerbitzu eta denda askotan.
Joan den astean, Urkulluk gaurko jarri zituen helburu erkidegoen arteko eta mugaren bi aldeen arteko joan-etorriak. Maria Txibitek esan zuen alarma egoeratik atera gabe ere ontzat joko zukeela mugak irekitzea, betiere osasun egoerak modua ematen badu. Pedro Sanchezek, ordea, beharrezkotzat jo zuen alarma egoera indargabetzea erkidego arteko joan-etorriak planteatzeko.