Lea-Artibaiko hondartzetako neurriak
Gaur hasi da hondartza denboraldia Bizkaian, eta Gipuzkoako hondartzetan sorosleak badaude ere, ofizialki uztailaren 1ean hasiko dute. Aldundiaren neurri orokorrez gain, tokian tokiko udalek ezarritakoak bete beharko dituzte erabiltzaileek.
Udal bakoitzak neurri zehatzak ezarri ditu gaur hasi den hondartza denboraldirako.
- Ispaster (Ogella): Udalak egindako kontigentzia planean zehazten denez, Ogella hondartzan barbakoak egitea, kozinatzea eta mahai gehigarriak jartzea debekatuta dago. Bertako mahaietan gehienez hiru ordu egon daiteke. Edukiera arazorik ez badago, “malgutasuna egongo da egonaldian”. Debekatuta dago ibilgailuak beheko aldera sartzea; soilik baimendutakoak eta zamalanetakoak sartu daitezke. Eta autoentzako aparkalekuan beharrezko seinaleak daude.
- Lekeitio (Isuntza): Hondartzako erabilera-araubidea eta jarduerak arautzen dituen Udal Ordenantza prestatu eta hondartzarako kontingentzia plana ere egin du Lekeitioko Udalak.
Isuntza hondartzaren erabilera dinamikoa izatea gomendatzen dute. Hau da, erabiltzaileak harean etzanda egon ahal izango dira, beti ere aforoaren baldintzak betetzen badira. Hondartzan gehienez 3 orduz egotea ere gomendatu dute, egunean zehar erabiltzaile gehiago joan ahal izateko, eta ez da gomendatzen hozkailuak, ur-koltxonetak edo antzeko ezaugarriak dituzten elementuak eramatea. “Eguzkitakoak erabil daitezke, eta behar dutenek hondartzarako aulkiak eraman ahal izango dituzte”, zehaztu dute.
Parkeko horman dagoen aldean erabiltzaileak ibiltzeko prestatuko den eremua erabiltzea ere gomendatzen du udalak, “segurtasun-tarteak behar bezala mantendu ahal izateko”. Ordea, parkeko karakoleko eskaileretako sarrera itxi egongo dute, printzipioz, uztailaren 1era arte.
Bestalde, 11:00etatik 20:00etara debekatuta dago taldeko kirol-jarduerak burutzea. Oro har, debekatuta dago palan jokatzea, baina hondartzan paseatzea ez da kirol gisa ulertzen. Banderen bidez jakinaraziko dute Isuntzan, hondartzaren aforoa. “Arreta-mailan dagoenean, hondartzan bandera laranja edo anbar kolorekoa jarriko da eta megafoniatik mezuak emango dira, egoeraren berri emateko eta 3 ordu baino gehiago daramatzatenei hondartza uztea gomendatzeko”. - Mendexa (Karraspio): Alkatetza dekretuan aldundiagaz adostutako neurri orokorrak jasotzen dira, eta horrekin batera hainbat gomendio bildu ditu udalak (ez dago debekurik). Erabilera dinamiko proposatzen da, eta haretzan etzanda egon ahal da, baina beti ere aforoaren baldintzak betetzen badira. Ez da gomendatzen hozkailuak, uretako koltxonetak eta antzekoak erabiltzea, baina eguzkitakoak erabili daitezke. Behar dutenek hondartzarako aulkiak eroan ahal dituzte. Erabiltzaileak ibiltzeko pasabidea prestatu dute eta dutxetara eta iturrietara joateko hura erabiltzea gomendatu du udalak, “segurtasun tarteak behar bezala mantendu ahal izateko”.
- Ondarroa (Arrigorri). Ondarroako Udalak ere beren beregi prestatutako plangintza aurkeztu du Arrigorri hondartzarako. Zehaztu dutenez, araudia martxan egongo da gaurtik [ekainak 15] irailaren 30era, eta udalak arautu gabeko alor guztietan, Bizkaiko Foru Aldundiaren irizpide orokorrak erabiliko direla azpimarratu dute.
Orokorrean, bainua hartzea, eguzkitan egotea eta hondartzan ibiltzea baimenduta dago; gehienez, 3 orduz. Asteburuetan eta jai egunetan, marea goian dagoenean, hondartza dinamikoa izango da; bainua eta paseoa bakarrik baimenduko dira. Hondartza dinamikoa izango da marea goraren aurreko eta ondorengo ordu eta erdian.
Sarrera eta irteerak lurreko marrak jarraituta egin beharko dira, eta bizikleten aparkalekuak lekuz aldatu dituzte, oinezkoen artean bizikletaz ibiltzea saihesteko. 11:00etatik 20:00etara debekatuta dago hondartzan kirola egitea; palan jolastea ere debekatuta dago. Debeku horretan ez dira sartzen baimenduta dauden jarduerak: 12:00ak arte udal udalekuak egingo dira eta ikastaro bereziak. Azaldu dutenez, ur ertzean paseoak eman daitezke, eta baimenduta daude igeriketa, piraguak, paddle surf eta antzerakoak.