Lekeitioko Antzar Eguna bertan behera geratu da
Segurtasun neurriak betetzea ezinezkoa dela ikusten du Lekeitioko Udalak. "Egoerak hala behartuta", aurten Lekeitioko jaiak ez direla "betiko moduan" antolatuko esan dute.

Aurten Antzar egunik ez antolatzea eta Antzar jokoa 2021eko irailaren 5eko 16:00etan ospatzea proposatu du Lekeitioko Udalak, Antzar Batzorde, Jai Batzorde eta Lekeitioko Kofradiarekin kontrastatu eta beraien iritzia entzun ondoren. Izan ere, Antzar Jaiak ezin dituela segurtasun neurriak bete ikusten dute. “Pena handiz hartutako erabakia da hau. Izan ere, aurten, 50 urte igaro ondoren, berriz ere zapatuan egitekoa zen Antzar Jaia, azkeneko aldia 1970ean izan baitzen. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako segurtasun eta larrialdiko arduradunen, 112a, Ertzaintza eta Osakidetzaren babesa jaso zen eta irailaren 5ean mantentzea erabaki zen. Erronka handia baina polita izango zen. Zoritxarrez eta, osasun larrialdiak bultzatuta, aurten ezingo da Antzar Jaia ospatu”, azaldu dute.
Zapatuko [ekainak 13] osoko bilkuraren ostean eman zuen Lekeitioko Udalak erabakiaren berri. “Egoerak hala behartuta”, aurten Lekeitioko jaiak ez direla “betiko moduan” antolatuko esan zuten. Uda sasoian ospatu behar ziren hainbat ekitaldi bertan behera utzi dira, eta herriko jai nagusiak ere, San Pedro eta San Antolinak, ez dituzte betiko eran egingo. “Ez behintzat, guztiok ospatzen dugun formatuan”, esan dute. COVID-19ak sortu duen egoerara moldatuko dituzte ospakizun eta kirol eta kultur ekitaldi guztiak. “Jarraitu beharreko osasun eta segurtasun neurriek ez dute aukerarik ematen. Hala ere, Jai Batzordeak aukera ezberdinak aztertzen jarraitzen du egoera berrira egokitutako ekintzak aurrera eraman ahal izateko”.
Ekitaldi guztietan berdin. Aurtengo udan antolatuko diren gainontzeko kultur eta kirol jarduerak antolatzerakoan ere, segurtasun neurriak kontuan izango dituztela azpimarratu dute. “Segurtasun irizpide eta guneak zehaztuko dira jarduera hauek egoki antolatzeko helburuagaz. Osasun egoeraren arabera neurriak aldatu ahalko dira, beti ere publikoaren eta parte hartzaile guztien segurtasuna bermatzeko asmoz”.
Eta horiek guztiak aurrera eraman ahal izateko parte hartzaileek arduraz jokatu behar dutela gogora ekarri dute. “Nahitaezkoa izango da bertan parte hartzen duten guztiek segurtasun neurriak errespetatzea. Eta noski, Osasun sailetik zehaztutako eta COVID19arekin bateragarriak diren sintomak izanez gero, arduraz jokatu eta ez etortzea eskatzen da eta osasun zentroarekin harremanetan jartzea”.