Ondarroako Alde zaharra oinezkoentzako espazioa izango da arratsaldeetan
Astelehenetik barikura zirkulazioa moztu egingo dute 13:30etik aurrera. Zapatuetan 12:00etan itxiko dute.
Ondarroako Udalak jakitera eman duenez, San Inazio kalea (Zeledonio paretik aurrera) eta Nasa kalea oinezkoentzako gunea izango dira gaurtik [ekainak 15] aurrera; astelehenetik barikura zirkulazioa moztu egingo dute 13:30etik aurrera. Udal iturriek azaldu dutenez, neurria uda sasoian egunero abian egongo da, irailaren 15era arte. “Zapatuetan, ordu hori aurreratu egingo da; 12:00etatik aurrera izango da oinezkoentzako gunea. Domeka eta jai egunetan, egun osoan izango da oinezkoentzat, orain arte modura”.
Udalaren iritziz, uda sasoian bada ere, herria gehienbat oinezkoentzako izan behar da, eta horregatik hartu dute erabakia. “Ibilgailuek hartu duten espazioa, uda sasoian bada ere, oinezkoentzako izan behar da”, azaldu du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak. Eneritz Basurko Pagoaga Hirigintza zinegotziak gaineratu duenez, bertako bizilagunek behar izanez gero kontrako noranzkoan sartzeko baimena edukiko dute. “Etxeren batera lanera doazen gremioetako langileek ere sartzeko aukera edukiko dute, materiala uzteko edo jasotzeko”.