Presoak etxeratzeko sasoia dela esan dute beste behin ere Lekeition
Covid-19a dela eta ezarritako alarma egoerak espetxeetako egoera, hainbat kasutan, "muturreraino" gogortu duela gogora ekarri dute. Besteak beste Julen Atxurra 'Pototo' lekeitiarrarena.
Julen Atxurra Pototo lekeitiarrak eta gainontzeko presoek jasaten dituzten “salbuespen neurriekin amaitzea” eskatu zuten zapatuan [ekainak 13] Lekeition. “Espainia eta Frantziako gobernuek euskal presoei ezartzen dieten salbuespen legedia behin betiko bertan behera itxi behar dutela” aldarrikatu zuten kalerik kale egin zen manifestazioan, eta presoak etxeratzeko sasoia dela berretsi zuten.
Covid-19a dela eta ezarritako alarma egoerak, gainera, espetxeetako egoera, hainbat kasutan “muturreraino” gogortu duela gogora ekarri zuten. Besteak beste Pototo lekeitiarrarena. “Hirurogeita bat urte dauka eta buruko isuria izan du kartzelan”. Lekeitiarra Cadizko (Espainia) Puerto espetxean dago egun errekuperatzen, eta Madrilgo (Espainia) Aranjuezko espetxera hurreratuko dutela jakitera eman zuten joan den astean. “Horren aurrean argi esan behar dugu Pototok etxean egon beharko lukeela, konfiantzazko medikuek artatu ahal izateko eta bere ingurukoekin errekuperatzeko”.
Bisita bakarra eduki du Atxurrak martxotik; gaixotasun larriagatik utzi zieten senideei bisita egiten. “Izan duen isuriagaz, larriagoa da senide eta lagunik ikusi ez eta eurekin aurrez aurre ezin komunikatzea”.
Okerrera. Pototoren kasua sortutako ezinegonaren adibide bat dela esan zuten. “Gaur egun, etxean egon beharko luketen 17 preso daude gaixotasun larriagaz kartzelan, eta 60 urtetik gorakoak dira 38”. Gainera, COVID-19agatik ezarritako alarma egoerak gainontzeko preso eta senideengan ere “eragin latza” ekarri duela azpimarratu zuten: “urruntze politika dela-eta indarrean den bisiten debekuak, gurasoak ikusi barik ia hiru hilabete daramatzaten motxiladun haurrak edota gaixotasunaren hedapena ekidin asmoz ezarri diren espetxe barruko neurriak espetxealdia oraindik eta bortitzagoa bilakatu dute”.
Hori dela eta, Espainia eta Frantziako gobernuei lau neurri hartzea exijitu zieten: “euskal preso guztiak Euskal Herrira ekartzea; gaixotasun larria duten presoak, hala nola, 65 urtetik gorakoak, askatzea; presoek eta senideek dagozkien bisitak berreskuratzea, eta gradu progresioa ahalbidetuz, baldintzak betetzen dituzten presoak etxeratzea”.
Osasun krisi honetan ere urrats horrek eman daitezkeela esan zuten, muturreko egoerak ekidinez. “Hori da guk eskatzen duguna, baina baita Europak, NBEak, mundu mailako hainbat pertsona esanguratsuk eta, batez ere, euskal jendarteak”. Beraz, kaleak bete eta aldarri horiek zabaltzera gonbidatu zituzten herritar guztiak, eta Sarek martxan jarritako Izan Bidea dinamikagaz bat egin, eta etxerako bidea egin asmoz, inoiz egin den biderik jendetsuenean parte hartzeko deia luzatu zuten. “Pauso bat emateko sasoia da, presoak etxeratzeko sasoia da”.











