TAO zerbitzua eta Herribusaren udako ordutegia abian, Mutrikun
Ibilgailuen zerga Mutrikun ordaintzen dutenek doan aparkatu ahal izango dute Burumendiko eta Saturrango aparkalekuetan. Ez egoiliarrek, berriz, ordaindu egin beharko dute, eta, gehienez ere, hiru orduz utzi ahal izango dute ibilgailua.
Uda denboraldia hastearekin batera, hainbat zerbitzu berezi abian ipini dituzte Mutrikun. Besteak beste, irailaren 15era bitartean, martxan dira hondartzetako TAO zerbitzua eta Herribusaren udako ordutegia. Astelehenetik aurrera [ekainak 15] Burumendiko eta Saturrarango aparkalekuetan ibilgailua utzi nahi dutenek TAO zerbitzua izango dute bertan.
Udal iturriek azpimarratu dutenez, ibilgailuaren zerga Mutrikun ordaintzen dutenek doan aparkatu ahal izango dute bi gune horietan. “Aurten egoiliarrak identifikatzen dituen itsasgarririk ez da egongo. Hala ere, egoiliarrek 2019ko udal zerga guztiak ordainduta izatea ezinbestekoa izango da. Zergak ordainduta dituztenek ez dute makinaren bidez tiketarik atera beharko”. Bi hondartzetako TAO eremuan aparkatu nahi duten kanpotarrek, berriz, ordaindu egin beharko dute. Are gehiago, ez egoiliarrei aparkatzeko ordu muga ezarri diete aurten. “Ez egoiliarrek hiru orduko epemuga izango dute. Aurreko urteko zerga egunean dituzte egoiliarrek, aldiz, ez dute denbora mugarik izango”.
Uda sasoia heltzearekin batera, gainera, Herribusak hondartzara jaisteko eta handik herrira igotzeko autobus zerbitzua ere eskainiko du datozen asteetan. Hondartzara joateko zerbitzu berezia astelehenetik barikura eskainiko dute ekainean eta irailean. Irteerak 12:30ean eta 13:30ean izango dira Txanbolingo biribilgunetik, eta hondartzatik herrira igotzeko, berriz, 13:00etan eta 13:45ean irtengo du autobus txikiak hondartzatik. Ohi modura, autobusak jaitsieran ez du geldialdirik egingo; goranzkoan, berriz, auzoz auzo eramango du jendea. Uztailean eta abuztuan, bestalde, zerbitzu zabalagoa eskainiko dute. Egunero hondartzara autobusean joateko aukera egongo da, eta ekainean eta irailean baino joan-etorri bat gehiago ere egongo da; 14:00etan irtengo du biribilgunetik jaisteko autobusak, eta 14:15ean, berriz, herrira igotzekoak.