Atzerriko hizkuntzen eta luzaketen ikastaroak nahi dituzte etxebarritarrek
Herritarrei jarduera berriak eskaini asmoz, prozesu parte hartzaile bat abiarazi zuten Etxebarrian. 64 galdetegi jaso dituzte.
Etxebarriko Udalak herriko zerbitzuen eskaintza zabaltzeko prozesu parte hartzailea jarri zuen abian maiatzean eta galdetegi bat zabaldu zuten etxez etxe. Emaitza horiek eskuetan, jardueretan parte hartzeko izen ematea zabalduko dutela iragarri dute.
Udalaren helburua, jadanik herrian bertan dauden zerbitzuak indartzea eta aldi berean jarduera berriak eskaintzea dela azaldu dute. Hori dela eta, lehendik udalerrian ematen diren ikastaro eta jarduerekin jarraituko da. Horrela, besteak beste, zeramika tailerra, zoomba, trikitixa, pandero eta euskara ikastaroak indartuko direla jakitera eman du Jesus Iriondo alkateak. Ekintza berrien artean, atzerriko hizkuntzak aitatu ditu.
Jakitera eman duenez, guztira, 64 galdetegi jaso dituzte, eta horiek denak aztertuta, atzerriko hizkuntzena izan dela eskari handiena izan duena zehaztu du. Horrez gain, kirol arloari erreparatuta, luzaketak ere eskari handia izan dutela azaldu du Iriondok.
Hori dela eta, 2020/2021 ikasturtera begira, aurretik dauden ekimenez gain, horiek biak ere antolatzea dute asmoa. “Izen emateak zabalduko ditugu orain, eskari zehatza ikusi, irakaslea aurkitu eta eskolak emateko tokia prestatu, irailean edo urrian ikastaroak martxan jarri ahal izateko”.
Epe luzeko jarduera hauez gain, eguneko edo epe motzeko beste ekimen batzuk ere antolatzen joango direla gaineratu du.