Bertso saio batek eta ipuin topaketako sari banaketak girotuko dituzte Aulestiko sanjoanak
Herriko jaiei nola edo hala kolorea eman nahi izan diete, eta bi ekintza horiek egingo dituzte. Bertso saioagaz gozatzeko, aldez aurretik izena eman behar da, aforoa ez gainditzeko.
Aulestiko San Joan jaiak ezohikoak izango dira aurten. Hala, ohiko ekintzak egin ezin direnez, bi ekintza egitea erabaki dute: bertso saio bat eta 32. Ipuin Topaketako sari banaketa. Bertso saioa domekan [ekainak 21] egingo da, 18:0etan, frontoian. Ipuin topaketaren sari banaketa, ostera, martitzenean [ekainak 23] egingo da, 19:00etan, Urregarai eskolako jolastokian.
Bertso saioan ondoko bertsolariak ariko dira: Miren Amuriza, Nerea Ibarzabal, BeƱat Gaztelumendi eta Unai Agirre. Udal ordezkariek esan dutenez, saioagaz gozatu nahi dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute, telefonoz deituta (94-627 90 06); bariku iluntzera arte [ekainak 19] izena eman ahal da. “COVID-19a dela eta, aforoa mugatuta egongo da, eta jende gehiagok izena emanez gero, izen-emate zerrendaren ordena hartuko da kontuan”. Saioan segurtasun neurriak zainduko direla gaineratu dute.
Bestalde, 32. Ipuin Topaketako sari banaketara joango diren 6 urtetik gorako herritar guztiek maskara eraman beharko dutela gogorarazi dute. “Horretan ere COVID-19ari aurre egiteko eskatzen diren neurriak jarraitu beharko dira”.