Eskulturak eta dantza elkartuko ditu ‘Oihalezko Teilatua’-k, Markina-Xemeinen
Zapatuan estreinatuko dute Jose Pablo Arriaga artistaren eta Garazi Etxaburu dantzariaren performancea. Zelaian izango da ikuskizuna, egurrezko egitura baten inguruan. Sarrerak aldez aurretik erosi behar dira (5 euro): Markina-Xemeingo udaletxeko makinan eta Ondarroako Kurike dendan.
Jose Pablo Arriagak konfinamenduari buruz egindako eskulturek bizitza hartuko dute zapatuan [ekainak 20], Garazi Etxabururen dantzaren bidez. Dantzari ondarrutarrak artista markina-xemeindarraren lana interpretatuko du bere dantzagaz, Arriagak bere obragaz azaldu nahi duena bere gorputzaren bidez transmitituz.
COVID-19ak eragindako konfinamendua inspirazio iturri izan zen Jose Pablo Arriaga artistarentzat, eta konfinamendu hori arindu denean, lan hori publikoari helarazi nahi dio. Horretarako, areto itxi bat barik, leku zabal bat nahiago izan du Arriagak. Piezak kalera atera nahi ditu, eta, kalean, obrari behar duen arima edo mugimendua emateko, beste diziplina artistiko bat batuko dio: dantza garaikidea. Horretarako, dantzari ondarrutarrarengana jo du, eta bien artean Oihalezko Teilatua performance artistikoa sortu dute.
Arriagak eta Etxaburuk elkarregaz lan egiten duten lehen aldia da. Hala ere, berehala konektatu dute bi artistek, eta elkarlan horren emaitza Markina-Xemeingo Zelaian ikusi ahalko da lehenengoz, zapatu honetan, 22:30ean. «Konfinamenduari buruz egin nituen lanak azaldu nizkion, eta erraz-erraz hartu zuen ideia, eta koadro bakoitza interpretatzen jakin du», azaldu du Arriagak. Argitu duenez, koadro bakoitzak konfinamenduan pertsonek sentitutakoa, era ezberdinetako bizipenak, islatzen ditu. «Bost koadro dira, eta dantzaren bitartez azaltzen ditu bakoitzaren arima eta esanahia».
Ikuskizunerako sarrerak aldez aurretik eskuratu behar dira Markina-Xemeingo udaletxeko harrerako makinan edo Ondarroako Kurike dendan
Eszenografia bat prestatu du Arriagak ikuskizunerako. Zelaiaren erdian 2 metro eta erdi altuerako eta metro eta erdi zabalerako egurrezko egitura bat jarriko du, eta horren inguruan izango da ikuskizuna. 2 metroko distantzia errespetatuz egokituko dituzte ikusleak, inguru osoan.
Bedar gainean. Arriagaren tailerrean ari da dantzari ondarrutarra entseguak egiten. Jantziak eta musika, dena dauka prest. Zelaiko bedarraren gainean egingo du dantzan; estruktura oinarria izango da, eta haren inguruan ibiliko da Arriagaren lanari bizitza ematen. «Ezeri ez diot ezetz esaten, eta bedar gainean dantzan egiteko ere prest nago».
Ideia hasieratik gustatu zitzaion ondarrutarrari. «Asko gustatu zitzaidan proposamena, eta gelditu ginen lehen egunetik zelan egin genezakeen pentsatzen hasi ginen bion artean». Orain publikoari eskaini nahi diote lana. «Gogoagaz gaude».
Sarrerak. Uhagon kulturguneak antolatutako emanaldia zapatuan bada ere, COVID-19aren eraginez hartu beharreko neurriak direla eta, aforo mugatua egongo da. Hori dela eta, ikuskizunerako sarrerak aldez aurretik eskuratu behar dira. Sarrerak Markina-Xemeingo udaletxeko harrerako makinan (barikura arte, 08:15etik-20:00etara) edo Ondarroan, Kurike dendan eskuratu daitezke. Sarrera 5 eurokoa da; bazkideek 3 euro.