Kirol udalekuak antolatu ditu Ondarroako Udalak
Udalekuak 2010-2012 artean jaiotakoei zuzenduta daude, eta uztailean egingo dituzte, bi txandatan banatuta. Izen ematea zabalik dago ekainaren 23a arte.
Ondarroako Udalak aurten ere kirol udalekuak antolatu ditu, Zaldupe udal kirol kiroldegiagaz elkarlanean. Kirol udalekuak uztailean egingo dira bi txandatan banatuta, eta 2010eko urtarrilaren 1etik 2012ko abenduaren 31ra bitartean jaiotako neska-mutilei zuzenduta daude. Lehenengo txanda uztailaren 6tik 16ra antolatu dute, eta guztira bederatzi saio eskainiko dituzte. Bigarren txanda, berriz, uztailaren 20tik 30era egingo dute, eta beste bederatzi saio eskainiko dituzte. Txanda bietan saioak astelehenetik barikura eskainiko dira, 09:30etik 12:30era.
Izen ematea ekainaren 23ra arte zabalik dago. Horretarako bi bide daude: posta elektronikoz kiroldegia@ondarroa.eus helbidera idatzita edo telefonoz, 94-613 42 09 zenbakira deituta. Egoera berezia bada ere, jarduerak gaur egungo araudi eta gomendioetara moldatuko dituztela azpimarratu dute udal iturriek. “Konfinamendu garaian haurrak izan dira egoera gehien jasan dutenetakoak, eta orain, uda iristeagaz batera, gozatzeko txanda egokitzen zaiela uste du Ondarroako Udalak”.
Kirol udalekuak kiroldegiko instalakuntzetan zein herriko beste guneetan egingo dira. Hori bai, nabarmendu dutenez, ahal denik eta jarduera gehienak aire libreko espazioetan egingo dituztela iragarri dute. “Koronabirusak eragindako egoera zaila izan arren, udalak uste du uda sasoian umeek berdin-berdin eduki behar dutela kirola eginez gozatzeko aukera, nahiz eta neurriak hartu eta zenbait gauza moldatu beharra eduki”.