1.655 kilo elikagai batu ditu Danonartin elkarteak asteburuko bilketa berezian
Jasotako kopuruari esker, beste hiru bat hilabeterako banaketa ziurtatuta edukiko dutela uste dute elkarteko arduradunek.
Ondarroako Danonartin elkartean janari bilketa berezia egin du asteburuan Ondarroako hainbat dendatan. Barikuan [ekainak 19] eta zapatuan [ekainak 20], hain zuzen, zortzi dendaren kanpoan egin dute bilketa elkarteko boluntarioek, eta kanpaina oso ondo joan dela azpimarratu dute elkarteko ordezkariek. “Koronabirusa dela eta, dagoen egoera ikusita, eta zelan gauden ikusita, poztekoa da jasotako kopurua. Balorazio oso positiboa egiten dugu”. Zehaztu dutenez, 1.655 kilo elikagai batu dituzte denetara. Jasotako kopuru horri esker, beste hiru bat hilabeterako herrian beharra duten familien beharrak asetzeko beste ziurtatuta edukiko dutela uste dute. “Lan hori nahikoa erraztuko digula uste dugu”.
Ohikoa den modura, Danonartin elkarteko kideek eskerrak eman nahi izan diete janari bilketa posible egin duten guztiei. “Cantabrico taberna; Lazkano fruitategia; Brontxe; janaria jasotzen, sailkatzen eta gordetzen egon diren boluntarioei; Ondarroa eta Berriatuko Udalei; Kalare Deuna kofradiari; La Caixa; Artabide Mertxe eta Eroski; Txist; Sabai; Aitor; Kaleandiko Ana; Berdura Plazako Bikiak; Zaton eta Iturribarriko Eroskiri, eskerrik asko. Eta bereziki, elikagaiak eman dituzten herritar guztiei ere eskerrak eman nahi dizkiegu, beraiei esker posible dugulako kalitatezko banaketa luzaroan izatea”.