Peruko Outfest jaialdiaren sail ofizialean lehiatuko du Arantza Ibarraren 'Ekai' film laburrak
Ondarrutarraren zintak parte hartuko duen hirugarren nazioarteko jaialdia izango da Perukoa.
Arantza Ibarra Basañez zinemagile ondarrutarrak zuzendutako Mi pequeño gran samurai film dokumental laburra uztailaren 1etik 7ra bitartera gauzatuko den Peruko Outfest nazioarteko zine jaialdirako aukeratu dute. Jaialdia Liman egiten den LGTBI+ garrantzitsuena da, eta nazioartean Ekai modura ezagutzen den lanak sail ofizialean lehiatuko duela jakitera eman du Ibarrak.
Ondarrutarraren zintak parte hartuko duen hirugarren nazioarteko jaialdia izango da Perukoa, eta “itxaropentsu” dagoela azpimarratu du. “Aurretik ere June film laburra Perurako aukeratua izan zen, eta asko gustatzen zaidan herrialdea da. Egia esan, guretzat sekulako saria da bertan hartu ahal izatea. Munduko hainbat tokitara iristen ari gara, eta zenbat eta toki gehiagotara ailegatu, Ekai Lersundiri buruzko istorioa eta transexualitatearen mundua gehiago ezagutzera emango dugu. Gaiari ikusgarritasuna eta zabalkundea ematea garrantzitsua dela uste dut, normalitate baten bidean”.
Filma uztailaren 4an proiektatuko dute 16:00etan, Brasilgo Depois daquela festa, AEBetako Acuitzeramo eta Mexikoko Encuentro lanegaz batera. Familiak aniztasuna besarkatzen du gaiaren barruan kokatu dituzte lau lanak, hain zuzen.
Bestalde, Zinegoakeko 2020ko hainbat film labur proiektatuko dituzte domekan [ekainak 28] Markina-Xemeingo Esperantza aretoan, eta horien artean Mi pequeño gran samurai ikusteko aukera ere egongo dela azaldu du Arantza Ibarrak. “Koronabirusa dela eta, bertan behera geratu ziren Zinegoaken proiekzioak. Dakigunez, Markina-Xemeinen eta Bakion proiektatuko dute gure lana. Aurrerago, baliteke toki gehiagotan ere zabaltzea eskaintza, baina oraingoz, osasun irizpideak kontuan hartuta, hortxe egingo dituzte proiekzioak”.