Zaldibarko hondamendiari buruzko hitzaldia emango du Juan Karlos Izagirrek Mutrikun
Gipuzkoako EH Bilduren bozeramaileak bihar [ekainak 24] eskainiko du hitzaldia, 19:00etan, Zabiel Plazan.
Juan Karlos Izagirre Gipuzkoako EH Bilduren bozeramaileak Zaldibarko zabortegian gertaturiko ezbeharrari buruzko hitzaldia emango du Mutrikun bihar [ekainak 24], 19:00etan, Zabiel Plazan. “Izagirrek, besteak beste, zabortegian zer gertatu zen eta zergatik gertatu zen azalduko du. Ingurumena, zaborraren kudeaketa eta antzerako gaiez ere ariko da; Erraustegiaren kontua ere hor daukagu”. Osasun segurtasun neurri guztiak beteko direla iragarri dute antolatzaileek. “Plazan, ohiko baino aulki gutxiago ipiniko ditugu, protokoloa jarraituz; 40 bat lagunentzako aulkiak ipintzeko asmoa dugu. Harmailetan ere distantzia zaindu beharko da”.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, uztailaren 12an egingo diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako kanpainaurreko ekitaldia izango da biharkoa. “Herri bakoitza gai bat ari da aukeratzen, eta Mutrikuk Zaldibarko ezbeharra aukeratu du hurbiltasunagatik; ia ia eskualdean bertan dago eta. Gaia, gainera, badirudi erdi ahaztuta ere badagoela, eta hori gogoan izan nahi dugu; hurrengoan horrelakorik gertatu ez dadin nahi dugu. Oraintxe gutxi ere, egia esan, Azkoitian antzeko zabortegi bat zabaltzeko ahaleginak egiten ibili dira, nahiz eta asmoa bertan behera geratu”.