Arraun denboraldia hasteko prest
Azken hamarkadetako arraun denboraldirik ezohikoena hastekotan dago. Liga jokatuko zen edo ez airean egon ostean, uztailaren 4an emango diote hasiera TKE liga nagusiari.
Ur gaineko ikuskizunik handiena eta garrantzitsuena hastear dago. Lea-Artibai eta Busturialdeko traineruak itsaso gainean dantzan hasteko prest daude. Lehen hitzordua datorren asteburuan izango dute Eusko Label Ligako arraunlariek, eta entrenamenduetan azkenak ematen ari dira Lekittarra, Antiguako Ama eta Bou Bizkaia-ko eskifaiak. Liga hasteko eta uretan daukaten maila erakusteko gogoz daude hiru taldeak. Caixabank Koroa lortzeko bideari hasiera A Coruñan emango diote IV. Bandeira Cidade da Coruñagaz; ligako lehen jardunaldi bikoitza Riazorgo hondartzan lehiatuko dute uztailaren 4an eta 5ean. Klub guztiak A Coruñako uretan egin beharreko debuta iristeko orduak kontatzen ari dira.
Datorren asteko hitzordua, egia esan, bestelakoa izan beharko litzateke, baina aurten, koronabirusak denboraldia inoiz baino bereziagoa egin duela argi utzi dute bertoko hiru taldeetako entrenatzaileek. Baldintzetara “ondoen” moldatzen denak irabazteko aukera gehien edukiko dituela uste dute hirurek. Zalantza askogaz hasiko dute denek ere denboraldia, baina denak ere hasieratik jarritako helburuak betetzen ahaleginduko dira. Batzuek garaipenaren gozoa dastatzera heltzeko asmoa dute, besteek mailari eustea edo iazko markak hobetzea. Dena den, lehia eta ikuskizuna izango dela nabarmendu dute entrenatzaileek.
Osasun alarma dela eta, arraunlariek, taldean entrenatu ordez, bakarka entrenatu behar izan dute nork bere etxean konfinamenduko aste luzeetan. Eta arrauna taldeko kirola izanik, banatuta aritu behar izatea neurri handi batean oztopo izan dela azpimarratu dute. Izan ere, neguko entrenamendu fisikoa “ohikoa baino gehiago” luzatu behar izan dute, eta euren iritziz, uretan ibiltzeko nahikoa astirik ez dute eduki.
Euskal taldeetako traineruak ekainaren 8an hasi ziren uretaratzen, eta arraunlariak fisikoki ondo badaude ere, talde mailan beste urte batzuetako mailara iristeko oraindik ere asko falta dela uste dute entrenatzaileek, eta nahitaez egin beharreko geldialdia igarri-igarria izango dela. “Arraunean %80a talde lana da. Fisikoki ondo gaude, baina orain trainerura moldaketa oso gogorra izaten ari da. Eskuak, ipurdia… neguan gogortzen den hori guztiori orain korrika eta presaka ari gara ohitu nahian, eta, egia esan, asko sufritzen ari gara”, agertu du Jon Elortegi Urdaibaiko entrenatzaileak. Iñaki Errasti Ondarroako entrenatzaileak ere denboraldia sentsazio “arraroekin” hasiko dutela dio. “Ekainean gaude, eta neguko sentsazioak ditugu oraindik. Eskuak-eta oraindik jartzeko ditugu, eta ipurdia ere urratuta dugu, esaterako”.
Prestakuntza inoiz baino motzagoa izan da denentzat, eta indarrak ondo neurtu beharko dituzte lehia hasten denean. Ondarroak, esate baterako, esfortzu handirik egin barik hasi zituen uretako lehenengo entrenamenduak, eta denbora aurrera joan ahala intentsitatea gehitzen joan dira, denboraldia ere gainean dagoelako. “Pixkanaka ari gara martxa hartzen, badakigu denbora gehiegi ere ez daukagula eta. Ahal den neurrian entrenamenduak moldatzen ari gara, eta gauzak ahal denik eta ondoen egiten”. Beste taldeek ere antzerako entrenamenduak egin dituzte, “minik ez hartzeko” asmoagaz.
Denboraldiari dagokionez, helburuak argi ezarrita dituzte Bou Bizkaia-ko arraunlariek. Iazko denboraldi gorabeheratsuaren ostean, garaipenaren bidea hartu, eta banderak astintzeko gosea daukate Txoek, eta, aldi berean, CaixaBank Koroa eskuratzeko faboritoen artean eta onenen artean egotea nahi dutela azaldu du Jon Elortegi entrenatzaile berriak. “Gure helburua denboraldiaren hasieratik lehenengo postuetan finkatzea da, eta ahal bada lehenengo txandan sartu, banderak irabazteko aukera ere izanaz”.
Bide horretan ia iazko bloke bera mantenduko dutela agertu du. “Hiruzpalau aldaketa” egin dituzte iazko denboraldiagaz alderatuta, eta Elortegiaren arabera, aldaketa horiek “ondo ordezkatu” dituzte bajak. “Fitxatu ditugun taldekide berriak jende gaztea dira, eta gogo handiagaz datoz taldera; nire ustez, taldea indartuta aterako da, izan ere, aurrekoek utzitako hutsunea ondo beteko dute”. Talde oso lehiakorra da, eta euren asmoen artean Kontxa ere ezin da falta. “Traineru gehienok denboraldia hasi orduko gorriz markatuta izaten ditugun datak izaten dira. Gure helburua Kontxako estropadara ahalik eta sasoikoen heltzea da”.
Iñaki Errasti Antiguako Ama-ko entrenatzaileak taldea osatzerako orduan nahikoa zailtasun izan bazituen (hamar baja inguru izan zituen denboraldia hasi orduko), azkenean trainerua uretaratzeko moduan egongo dira. “Talde berria moldatu dugu beste bederatzi lagunekin. Batzuk aurten hasi dira, beste batzuk arrauna utzita eduki ostean, berriro bueltatu dira. Aurreko urteetan beste arraun talde batzuetan egon diren bost edo sei kide ere etorri dira. Taldea osatu dugu, eta gustura gaude”, azaldu du Aginagakoak.
Aurten ere gora begira jarraitu nahi dute. Kirol mailan iazko marka hobetu nahiko lukete, nahiz eta taldearen erdia berria izanik hori hobetzea zail dagoela aitortu duen Errastik. Banderak bandera, garrantzitsuena mailari eustea izango dela adierazi du. “Baja garrantzitsuak eduki ditugu, eta helburu nagusia beste urte batez mailari arazorik barik eustea izango litzateke. Baina motibazio modura, lehengo urtean lortu genituen emaitzak, zaila izango bada ere, horiek hobetzen saiatuko gara”. Arraunlari denentzat oso kuttuna izan da Donostiako Kontxako estropada, eta ondarrutarrek euren helburuetan ere ondo txertatuta dute. Iaz, sailkapen estropadan sekulako ezustekoa eman zuten, eta aurten ere Kontxa buruan hasiko dute denboraldia.
Isuntza arraun taldekoek, ostera, gorengoko mailari eustean dute itxaropena jarrita. “Iaz maila mantentzea lortu genuen. Aurten beste arerio batzuk edukiko ditugu ondoan, eta gure lehen asmoa azken postua saihestea da, zuzeneko jaitsiera postua saihesteko. Denboraldia jaitsiera postuetatik urrun amaitzen badugu, askoz hobeto”, esan du Osertz Aldai Lekittarra-ren entrenatzaileak.
Lekeitiarrek iazko oso talde antzekoa osatu dute, eta elkartearen baloreak kontuan izanda, harrobiko arraunlariengatik apustu egiten jarraitzen dute. “Taldekide gehienak harrobikoak dira. Taldeari dagokionez, lauzpabost taldekide berri ditugu aurten”.
Hondarribikoak taldea entrenatzeaz gain, arraun ere egingo du. “Aurten ere arraun egingo dut. Fisikoki ondo nago, beraz, hor jarraituko dut tosta artean”.