Ikasturteko azken elkarretaratzea egingo dute Ondarroako pentsiodunek astelehenean
Udan "indarrak berreskuratu" ostean, irailean bueltatuko dira asteroko elkarretaratzeekin. Azken elkarretaratzea berezia eta ezustekoz betea izango dela jakitera eman dute.
Ondarroako Pentsionistak Martxan elkarteko kideek datorren astelehenean [ekainak 29] ikasturteko azken elkarretaratzea egingo dutela iragarri dute; ohikoa den modura, udan “etenaldi” txiki bat egingo dute.”Horrela erabaki genuen Alamedan egindako azken elkarretaratzean”. Adierazi dutenez, hurrengo asteetan “indarrak berreskuratu” ostean, irailean bueltatuko dira berriro asteroko elkarretaratzeekin. Zehaztu dutenez, irailaren 21ean ekingo diote ikasturte berriari.
Datorren astelehenean, betiko legez, 12:00etan batuko dira Alamedan, eta bertan egongo diren 20 minutuetan ezustekoren bat edo beste ere egongo dela aurreratu dute elkarteko arduradunek. “Elkarretaratze oso berezia izango dela uste dugu. Herritar guztiak bertaratzera gonbidatu nahi genituzke”.
Koronabirusak eragindako osasun krisia eta gero, maiatzaren 25ean berreskuratu zituzten asteroko elkarretaratzeak, eta astero-astero pentsio duinen alde Alamedan dozenaka herritar batzen direla azpimarratu dute antolatzaileek. Astelehenean, esaterako, 182 lagun zenbatu zituzten. “Gauden egoeran ikusita, jende asko dela iruditzen zaigu”.