Ondarroako Apustu etxeen aurkako plataforma, irudi bila
Irudia egin nahi dutenek proposamenak posta elektronikoz bidali beharko dituzte hilabetea amaitu baino lehen.
Ondarroako Apustu etxeen aurkoa plataformak kamisetak atera nahi ditu, eta asmo hori aurrera eramateko irudia behar dutela jakitera eman dute. “Irudi horren diseinua herritarrek egitea eta horren parte izatea gustatuko litzaiguke”. Diseinuak bidaltzeko aukera hilabete bukaerara arte egongo dela argitu dute. “Uda sasoian atera nahiko genituzke kamisetak. Herrian plataformaren presentzia gehiago edukitzea da gure nahia kamisetekin”.
Plataformak egindako deialdian parte hartu nahi dutenek irudi proposamenak plataformako posta elektronikora (opostura@gmail.com) bidaltzeko eskatu dute. Aukeraketa, berriz, uztailean egingo dutela iragarri dute. “Gure asmoa, aurkezten diren irudi guztiak Internetetik ezagutzera ematera da. Aukeraketa guztion artean egin ahal izango dugu modu horretara”.
Sinadura bilketak ere aurrera jarraitzen duela azpimarratu dute. Hilaren 14an hasi zuten atxikimendu bilketa, eta kanpainak martxan daraman egunotan 500 sinaduratik gora jaso dituztela jakitera eman dute. Mahaiak jarriko dituzten azken eguna zapatua [ekainak 27] izango da, eta ordura arte herritarrek sinatzeko aukera izango dutela gogorarazi dute plataformako kideek. Hori bai, mahaiak orain egunean bi bidar ipini ordez, behin ipintzen ari direla esan dute. Eguenean [ekainak 25], esaterako, Alde Zaharrean ipiniko dute mahaia, 20:00etatik aurrera. Barikuan [ekainak 26]eta zapatuan [ekainak 27], ostera, Alamedan ipiniko dute mahaia, 20:00etatik 22:00etara.
Egunotan, berriz, apustu etxeen aurkako horma irudia ere egin du herritar bat Arrigorrin, Alfa eraikinaren azpian. Plataformak horma-irudia margotzeko prozesua ezagutzera eman du bideo baten bidez.