Rock-and-roll ero eta gordinenagaz dator Braulio talde ondarrutarra
Izen bera daraman lehen EPa kaleratu du Braulio talde ondarrutarrak. COVID-19a dela eta, agertoki gainean estreinaldia egiteko zain dago hirukotea oraindik.
Egiten duten musikari etiketarik ipintzea gustatzen ez bazaie ere, psikodelia pixka bategaz nahastutako rock-and-roll ero eta gordina egiten dutela dio Braulio hirukoteak. Hiru taldekideek ibilbide luzea eta oparoa daramate musikagintzan, eta musika iturri askotatik edan dutenez, eragin hori ere igarri-igarria da euren soinuan. Taldearen izen bera daraman lau kantuz osaturiko aurreneko lana kaleratu berri dute Kepa Arakistainek (gitarra eta ahotsa), Alex Ariznabarretak (baxua eta koruak) eta Ruben Bernedok (bateria eta koruak).
Autoekoitzitako EP formatuko lehen estudioko lana ikutu pertsonala eta melodikoa duten lau kantuz jantzi dute, honakoekin: Gorputz, Natura, KarroƱa eta Eroa. Diskoak lau kantu baditu ere, nahikoa luzea dela esan dute; 20 minutu baino gehiago ditu. Izan ere, kantu luzez osatu dute estudioko lehenengo lana, estilo komertzialetik urruti. Hori bai, orain arte beste talde batzuekin jotzera ohituta dauden kantuak baino lasaiagoak direla azpimarratu dute. “Tempo aldetik nahikoa linealak dira”. Mutrikun grabatu dute lana, AME estudioetan, Axular Arizmendiren gidaritzapean, eta zuzeneko bat izango bailitz grabatu dute, era gordinean. “Diskoa gordina izatea nahi genuen, zaleek zuzenekoan ere diskoan entzun dutenaren berdinagaz topo egitea da gure nahia”, agertu du Ruben Bernedok.
Umorea eta adiskidetasuna dira taldearen ardatza eta bandera. Norman taldean batera ari ostean, talde berean bat egiten duten bigarren aldia da honakoa, eta pozik daude esperientziagaz. Orain arte ibili diren proiektuekin alderatuta, Braulio desberdinagoa dela esatean bat datoz taldekide guztiak. “Proiektu hau lasaiagoa da. Braulio hasieratik Keparen proiektu bat izan da”, dio Ariznabarretak.
Braulio bere horretan laga nahi ez zuenez, taldekide berrien bila hasi zen Arakistain
Braulio, izan ere, bestelako proiektu modura sortu zuen Arakistainek. Bere asmoa Mikel Arakistain anaiagaz eta Mikel Breixo lagunagaz ekitea zen proiektuari. Duela bi bat urte egin zituen anaiagaz eta Breixogaz lehenengo entseguak, baina “nahi eta ezin” zebiltzanez, “penagaz, baina proiektua bertan behera laga behar izan genuen”. Braulioren ametsa bere horretan laga nahi ez zuenez, taldekide berrien bila hasi zen Arakistain, proiektuari jarraipena emateko. Breixo ordezkatzera Ruben Bernedo sartu zen, eta azkenik, Alex Ariznabarretagaz osatu zuten talde berria.
Zuzeneko gosez. Taldearen asmoa martxoan diskoa grabatu, eta udaberrian zuzenekoak ematen hastea zen, baina koronabirusa dela eta, asmo horiek guztiak airean geratu behar izan dira. “Kontzerturen bat edo beste lotuta genuen, baina dena, zoritxarrez, bertan behera geratu da”. Agertokiak zapaldu eta estreinako zuzenekoa eskaintzeko irrikitan daudela azpimarratu dute; publikoaren berotasuna sentitzeko gogo ikaragarria dute. “Jendeak gurekin gozatzea nahi dugu, eta dugun indar eta energia hori sentitzea. Edozein txokotan jotzeko desiratzen gaude”.
Konfinamenduak iraun duen aste luzeetan ezin izan dira ekartu, eta ezin izan dute entsegatu, eta duela gutxi berrekin diote Dongreko eta Legarreko entseguei. Inoiz baino gogo handiagoagaz ekin diote, zuzenekoekin hasteko itxaropenagaz. Diskoa ere konfinamendu bete-betean ailegatu zaie, eta oraingoz, etxetik ari dira eskatzen dieten zaleei banaketa egiten. “Eskatu digun gure inguruko jendeari eraman diogu lana, eta sare sozialetatik eskaera egin digutenei, berriz, postaz egin diegu bidalketa”. Plataforma digitaletan ere entzun eta erosi daiteke ondarrutarren lana.