'Artearen ibilbidea' erakusketa ibiltaria Ispaster, Lekeitio eta Ondarroara ere ailegatuko da
Irailaren 14tik 21era Ispasterren egongo da, eta irailaren 21etik 28ra Ondarroan. Erakusketa ibiltariak Lekeition egingo du azken geldialdia, irailaren 28tik urriaren 4ra.
BBK Artearen Ibilbidea erakusketa ibiltariak Bilboko Arte Ederren Museoaren bildumako lanik onenen hautaketa bat ezagutarazteko aukera emango die herritarrei. Bilboko Areatzan ikusgai egon eta gero, urriaren 4ra arte Bizkaiko kostaldeko herrietan egongo da; herri bakoitzean astebetez egongo da ikusgai. Lea-Artibaira irailaren 14an ailegatuko da; egun horretan Ispasterren kokatuko da erakusketa. Azken bi geldialdiak Ondarroan eta Lekeition egingo ditu. Azken horretan, gainera, ibilbidea amaituko du.
Helburu nagusia artea herritarrengana hurreratzea eta museoaren bilduma bere aretoetatik haratago zabaltzen laguntzea dira. Guztira, erakusketak 40 artelan biltzen ditu, eta helburu didaktikoa duela azpimarratu dute. “Kalitate handiko teknika erabiliz egindako erreprodukzioak dira, eta xehetasunen zehaztasun txundigarria eta kolorearen fideltasun handia lortzen dute”. 24 artelanek, gainera, QR kodea dutela diote. Horri esker, bisitariek gailu mugikorrean artelan horien inguruko xehetasunak ezagutu ahalko dituzte, audio fitxen bidez; audioak euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez daude.
Horrez gain, sei artelanek 5 eta 10 urte bitarteko umeentzako diseinatutako kontakizun bat dutela ere gaineratu dute. “Azken hilabeteetan itxialdian egon ondoren, pixkanaka, gizartea dagokion espazio publikoa berreskuratzen ari da. Kulturak eta arteak herritarrei laguntzeko lan egin dute etapa gogor honetan, eta susperraldi mailakatu horrekin bat egin nahi dute”.
XIII. mendetik XX. mendera arteko 40 obren erreprodukzioan ondoko artisten lanak daude: erromaniko anonimo katalana, Bartolomé Bermejo, Jan Mandijn, Martin de Vos, Grekoa, Frans Pourbus, Orazio Gentileschi, José de Ribera, Francisco de Zurbarán, Anton van Dyck, Pieter Fransz de Grebber, Juan de Arellano, Bartolomé E. Murillo, Luis Paret, Francisco de Goya, Anselmo Guinea, Mary Cassatt, Paul Gauguin, Joaquín Sorolla, Darío de Regoyos, Adolfo Guiard, Ignacio Zuloaga, José Gutiérrez Solana, Valentín de Zubiaurre, Aurelio Arteta, Juan de Echevarría, Robert Delaunay, Daniel Vázquez Díaz, Antonio de Guezala, María Blanchard, Nicolás de Lekuona, José María de Ucelay, Antoni Tàpies, Francis Bacon, Agustín Ibarrola, Antonio Sistiaga, Balerdi, Vicente Ameztoy, Alfonso Gortázar eta Eduardo Arroyo.
Egutegia:
- Ekainak 29-uztailak 6: Areeta (Getxo)
- Uztailak 6-13: Portugalete
- Uztailak 13-20: Santurtzi
- Uztailak 20-27: Muskiz
- Uztailak 27-Abuztuak 3: Ereagako hondartza (Getxo)
- Abuztuak 3-10: Gorliz
- Abuztuak 10-17: Plentzia
- Abuztuak 17-24: Bakio
- Abuztuak 24-31: Bermeo
- Abuztuak 31-Irailak 7: Mundaka
- Irailak 7-14: Elantxobe
- Irailak 14-21: Ispaster
- Irailak 21-28: Ondarroa
- Irailak 28-Urriak 4: Lekeitio