Maiatzean inoizkorik hondakin organiko gehien batu da Debabarrenan
Iazko maiatzarekin alderatuta, aurten %11,08 gehiago batu dela esan dute. "Debabarrenan hondakin organikoa batzen hasi zenetik, aurtengo maiatzean bildu da gehien". Orokorrean, gaikako bilketan ere gorakada egon da iaztik hona: aurten %58,80ko tasa zenbatu da, eta iaz %53,36 izan zen.
Aurtengo maiatzean 441 tona hondakin organiko batu dira Debabarrenan, “inoizkorik gehien”. Bestalde, errefusaren kopuruak behera egin duela azpimarratu dute Debabarreneko Mankomunitateko ordezkariek. “Hori oso albiste ona da. Izan ere, errefuxa osatzen duten hondakinak masan batzen dira eta ez dira birziklatzen”. Organikoaren bilketak iaztik hona %11,08ko gorakada eduki duen bitartean, errefuxaren bilketa %6,88an jaitsi da; iazko maiatzean 1.249 tona errefuxa bildu ziren, eta, aurten, 1.163.
Papera eta kartoiaren berziklapenari dagokionez, aurten iaz baino 141 tona gehiago jaso dira; %47,47igoera izan du. “Neurri handi batean, sorgailu handien ekarpenari esker”. Horrez gain, ontzien frakzio erlatiboa ere % 6,72 handitu egin da. “2019ko maiatzean 134 tona zen, eta aurten 143 tona izatera iritsi da”.
Beirak, aldiz, %6,22ko beherakada izan du; 2019ko maiatzean 180 tona bildu ziren, eta aurten 169. “Uste dugu maiatzeko egun gehienetan tabernak itxita egon direlako izan daitekeela”.
Orokorrean, gaikako bilketa tasa % 58,80koa izan da aurtengo maiatzean, eta iaz %53,36. Osasun krisiak eta alarma egoerak egunerokotasuna baldintzatu badute ere, hondakinen bilketari dagokionez “oso datu positiboak” direla azpimarratu dute.
Alor horretan, Mankomunitateak Debabarrenako herritarrak zoriondu nahi izan ditu, “hilabete gorabeheratsu hauetan ere hartu duten konpromisoagatik. Normaltasun berrian ingurumenarekiko errespetua oinarrizkoa izango da”. Bide horretatik, birziklatzeko ohitura ez duten familiei hondakinen bereizketan aurrerapauso txikiak emateko gonbitea luzatu diete. Eta gogorarazi dute hondakinak edukiontzietara eramatean sor daitezkeen edozein zalantza izanez gero, zalantzak argitzeko Mankomunitateak daukan telefono zenbakira deitzeko (943 700 799) edo posta elektronikoa bidaltzeko (ingurumena@debabarrena.eus).