Antxoaren stockak maximo historikoa erregistratu du Bizkaiko Golkoan
Esan dutenez, 330.000 antxoa tona inguru dago Bizkaiko Golkoan. "Inoiz ez da erregistratu aurtengoa bezain emaitza onik", esan dute AZTIkoek. Konfinamendua tarteko, aurten, arrantza ontziak hilabete eta erdiz aritu dira arrantzan.
Antxoa helduaren populazioaren egoera aztertzeko Bioman kanpaina egin du AZTI zentro teknologikoak, eta “serie historikoko zifrarik altuena” erregistratu dute aurten. Esan dutenez, 330.000 antxoa tona inguru dago Bizkaiko Golkoan. “Emaitza horiek espeziearen iraunkortasuna bermatzeko gomendatzen den 21.000 tonako gutxieneko baliotik oso gora dago. Inoiz ez da erregistratu aurtengoa bezain emaitza onik”, esan dute AZTIkoek.
“Kantauriko antxoak balio nutrizional eta komertzial handia dauka, eta arrantza jardueraren funtsezko zutabeetakoa da”, esan dute Eusko Jaurlaritzako ordezkariek. Ingurumen faktoreei oso lotuta dagoen espeziea izanik, urtero dagoen kantitatea egiaztatzea “ezinbestekoa” dela deritzote, “harrapaketak modu jasangarrian kudeatzeko eta iraupena bermatzeko”. Oinarri horrekin hasi zen AZTI 1987an Bioman kanpaina burutzen.
Azaldu dutenez, aurten, euskal ontzien harrapaketak 4.600 tonakoak izan dira, iaz baino 3.900 tona gutxiago. “COVID-19aren eraginez, kanpainaren iraupena laburragoa izan da. Aurten, arrantza ontziak hilabete eta erdiz aritu dira arrantzan, eta aurreko urteetan bi hilabete eta erdi inguru ibili izan dira”. Batazbeste, aurten antxoa kiloa 1,38 euroan saldu dela esan dute, eta iaz 1,62 euroan.
Tamaina txikitzen. Azken urteetan egindako kanpainen bitartez lortutako ondorioetako bat da antxoaren adinaren araberako tamaina txikitzen ari dela. Murrizketa hori faktoreen konbinazio baten ondorio izan litekeela diote. “Alde batetik, erreklutamendu handiak direla eta, biztanle gehienak urtebetekoak dira; bestetik, ugaritasun handiaren aldeko baldintzek adin bereko antxoa txikiagoak bizirautea bultzatzen dute. Bestetik, itsasoko uraren tenperaturaren igoerak ere ale txikiagoak egotea areagotzen du”.