Markina-Xemeingo aisialdi federazioak ume eta gazteentzako ekintzak antolatu ditu
4 urtetik 14 urtera bitarteko ume eta gazteei begirako ekimenak dira. Adin tarte bakoitzerako egun bat zehaztu dute. Izena eman behar da aldez aurretik.
Aisialdi eskaintza proposamenagaz dator uztailerako MAXE Markina-Xemeingo aisialdi federazioa. Konfinamendua eta gero, ume zein gazteek, aisialdia inoiz baino gehiago behar dutela-eta, 4 urtetik 14 urtera bitarteko ume eta gazteei begirako ekimenak antolatuko dituzte.
Guztira, lau egun izango dira, eta egun bakoitza adin tarte bati zuzenduta egongo da. Parte hartzeko izena internetez eman behar da, esteka baten bidez. Horrela, uztailaren 8an, 2014 eta 2015 urteetan jaiotakoek ibilaldia eta jolasak edukiko dituzte. 10:00etan dute elkartzeko ordua, Xemeinen. Parte hartzeko esteka hurrengoa da: 2014 eta 2015 urteetan jaiotakoak.
Uztailaren 15ean dute hitzordua, 10:00etatik 13:00etara, 2011, 2012 eta 2013 urteetan jaiotakoek. Horientzako pista jolasa antolatu dute, eta Xemeindik irtenda, herrian zehar ibiliko direla aurreratu dute. Parte hartzeko esteka hurrengoa da: 2011, 2012 eta 2013 urteetan jaiotakoak.
Pista jolasa edukiko dute bai eta ere 2008, 2009 eta 2010 urteetan jaiotakoek. Horiek, baina, uztailaren 22an daukate ezarrita eguna. Xemeinen elkartu eta herrian zehar ibiliko dira jolasean 10:00etatik 13:00etara. Parte hartzeko esteka hurrengoa da: 2008, 2009 eta 2010 urteetan jaiotakoak.
Eta, azkenik, uztailaren 29an, 2004, 2005, 2006 eta 2007 urteetan jaiotakoen txanda izango da. Horiek, txangoa egingo dute Ziortza-Bolibarrera: “errekara joatea da asmoa”, aurreratu dute. Horretarako, 09:00etan elkartuko dira Xemeinen. Parte hartzeko esteka hurrengoa da: 2004, 2005, 2006 eta 2007 urteetan jaiotakoak.
Aisialdi federaziokoek jakitera eman dutenez, COVID-19a dela eta indarrean dauden osasun neurri guztiak bermatuko dituzte. Horretarako, hidrogelak eta erosteko borondatea eskatuko diete parte hartzaileei. Izan ere, ekimena antolatzen duten monitoreak boluntarioak dira. Edozein zalantza argitu edo informazio gehiago jasotzeko maxe.federazioa@gmail.com helbide elektronikora idatzi daiteke.