Zaldibar Argitu plataformak manifestazioa egingo du Eibarren, "erantzukizun politikoak eskatzeko"
Manifestazioa zapatuan [uztailak 4] izango da, 17:00etan, Eibarko Untzaga plazatik irtenda. Plataformako ordezkariek azaldu dutenez, orain inoiz baino garrantzitsuagoa da kaleak hartzea.
Zaldibarko zabortegiko ezbeharra gertatu zenetik bost hilabete beteko direnean, Zaldibar Argitu plataformak Euskal Herri mailako manifestazioa deitu du. Ekimena zapatuan [uztailak 4] egingo da, Eibarren; 17:00etan Untzaga plazatik abiatuko da manifestazioa. Besteak beste, erantzukizun politikoak eskatzeko aterako dira kalera.
“Kargu politiko bakar batek ere ez du dimititu. Familiei eta herritarrei errespetuz, erantzukizun politikoak mahai gainean jarri behar direla aldarrikatzen dugu, beharrezko diren dimisioak eta azalpenak emanez”. Esan dutenez, “osasun demokratiko hutsagatik”, ezin dute onartu ezer pasa izan ez balitz bezala jokatzea. “Zabortegiaren auzian egon diren praktika irregular guztiak zehatz mehatz argitzeko ordua da. Erantzukizunak har ditzatela nahi eta behar dugu”.
Adierazi dutenez, orain inoiz baino garrantzitsuagoa da kaleak hartzea, Alberto Sololuze eta Joakin Beltran aurkitzeko eta zabortegiaren atzeko afera argitzeko. “Kalea hartzea dagokigu orain. Gure osasunaren eta bizitzaren defentsan, ez dugu geldirik egoteko asmorik Alberto eta Joakin aurkitu arte eta erantzukizun politiko guztiak argitu arte. Zaldibar argitu!”.