Ondarroako Hezkidetza Egitasmoak hezkuntza afektibo sexualari buruzko prozesu parte hartzailea hasi du
Hezitzaileekin landutako gaia orain familiekin landuko dute. Bideo bat prestatu dute horretarako, eta hainbat material ere jarri dituzte gurasoen esku.
Ikasturtean egindako lanketagaz jarraitzeko asmoagaz, familientzat zuzendutako prozesu parte hartzaile berria abian jarri du Ondarroako Hezkidetza Egitasmoak. Prozesuagaz jarraitzeko, hainbat tresna ipini dituzte komunitatearen eskura hezkuntza afektibo sexualari buruzko hausnarketa elikatzeko. Eta horretarako, familientzako eta komunitatearentzako bideo bat osatu dute Hezkidetza Egitasmoko hezitzaileek.
Bideoan diotenez, hezitzaileekin landutako gaia familiekin eta herritarrekin lantzea pentsatu dute. “Zuongana hurbiltzeko beste aukerarik ez dugu eduki, eta horregatik bideo bat egitea erabaki dugu”. Azpimarratu dutenez, aurten gai modura sexualitatea aukeratu dute, eta horren barruan, harreman sexu afektiboak eraikitzeko ereduak. Gaia, zehazki, sexualitateari buruzko lanketa egitea beharrezkoa ikusten dutelako aukeratu dute. “Gure ibilbideak eta ikasleek ematen dizkiguten datu guztiak kontuan hartuta, eta hainbat profesionalek gaiari buruz ateratako ondorioak edo emaitzak ikusita, gaia mahai gainean jartzeko ordua zela pentsatzen genuen”.
Hezitzaileek azaldu dutenez, “kezkagarria” iruditzen zaie harreman heterosexualek erabili duten “patroia eta harremantzeko” era. “Indarkeria handiena hortik dator. Ikerketa askoren arabera, pornografiaren kontsumoa 8-9 urte bitartean hasten da”. Nabarmendu dutenez, hezkuntza sexualari buruzko informazioa gazteek Interneten bilatzen dute. “Internetek edonoren eskura jartzen ditu indarrean dauden eredu matxistak”. Hainbat ondorio atera dituztela agertu dute, eta horretarako guztirako komunikazioa beharrezkoa dela azpimarratu dute.
Bestetik, irakurteko eta ikusteko materiala ere herritarren eskura ipini dute. Besteak beste, 13 eta 18 urte arteko Gipuzkoako nerabeek eta gazteek maitasun erromantikoari buruz zein ideia dituzten jasotzen dituen ikerketari buruzko erreportajea eta Zeelanda Berriko gobernuaren hezkuntza sexualerako kanpainaren bideoa ere elkarbanatuko dituzte. Azkenik, prozesu parte hartzaileraren asebetetze maila neurtzeko eta ekarpenak jasotzeko galdetegia prestatu dute hezitzaileek. Galdegia egin nahi dutenek hementxe klikatuta egin dezakete.