Sinadura bilketa birtuala abiarazi du Apustu etxeen aurkako plataformak
Batutako atxikimenduak udaletxean aurkezteko asmoa dute, "herritarrek duten kezka azaleratzeko".
Ondarroako Alde Zaharrean eta Alamedan egindako sinadura bilketa amaitu ostean, sinadura bilketa birtuala abiarazi dute Apustu etxeen aurkako plataformako kideek. Nahi duten herritarrek horretarako aukera dute astelehenetik [ekainak 29], honako helbidean sartuta. “Bi astez kalean egon gara, eta kanpaina amaitutzat eman dugu. Orain, berriz, Internet bidezko sinadura bilketa martxan ipintzea erabaki dugu”.
Sinadura Internetez eman nahi dutenek izena, abizenak, NAN zenbakia eta aurretik eskaria sinatu duten edo ez adierazi beharko dute. “Jakinarazi digutenez, arazo txiki bat dago datuak sartzerako orduan. NAN zenbakia sartu ahal da bakarrik, hizki barik. Eskaera ofiziala egiten badigute, eskuz pasatuko ditugu paperera”.
Kalean ipinitako mahaian 500 sinaduratik gora batu dituzte, eta Internetetik gehiago jasotzeko asmoa dute. Batutako atxikimenduak udaletxean aurkezteko asmoa dute, “herritarrek duten kezka azaleratzeko. Gure asmoa herritarren babesa jasotzea da, eta nahikoa babes jasotzen badugu egiten dugun lanagaz jarraitzea da. Era berean, sinadura horiek guztiak herri mailako edo eskualdeko mailako azterketa bat eskatzeko baliatuko ditugu”.