Aitor Bedialauneta: "Gizarte osoak zeinu hizkuntza jakitea gustatuko litzaiguke"
Koronabirusaren osasun krisiak hainbat arazo agerian utzi ditu, eta horiek nabarmenagoak bihurtu dira hainbat kolektibotan. Gorrek egunotan bizi duten errealitateari buruz aritu da Bedialauneta.

Aitor Bedialauneta Arrate (Ondarroa, 1991) Pertsona Gorren Elkarteen Euskal Federazioko presidentea da duela ia bi urtetik. Duela gutxi arte Espainiako Estatu mailan Gor Gazteriaren lehendakaria ere izan da. Kalean eta leku publikoetan maskara derrigor erabili beharrak gor komunitatea kezkatzen duela azpimarratu du; maskara gardenen aldeko apustua egiten dute, komunikazioa errazteko.
Koronabirusaren zabalkundea geldiarazteko maskarak janztea derrigorrezkoa da. Baina entzuteko arazoak eta komunikatzeko ezpainak ere irakurtzen dituzuenentzako oztopo bihurtu dira ohiko maskara horiek, ezta?
Batetik, pertsona gorrek beti izan dituzte komunikazio oztopoak, eta koronabirusagaz ageriagoan geratu dira. Bestetik, pertsona gorren eta entzumen urritasuna dutenen taldea oso anitza da: guztiek ez dute zeinu hizkuntza erabiltzen, eta erabiltzen dutenek ere zailtasunak dituzte. Izan ere, bizi garen gizarteak ez du zeinu hizkuntza ezagutzen, eta ezpainen irakurketa beharrezkoa dugu minimoki komunikatu nahi baldin badugu. Gauza bat gehitu nahiko nuke, ezpainen irakurketa ez da komunikazio era eraginkor bat, ezta erosoa ere.
Maskara horien ordez, zein alternatiba daude?
Gizarte osoak zeinu hizkuntza jakitea gustatuko litzaiguke, beste edozein hizkuntza ikasten den modura; guztion artean komunikatu ahal izatea da helburua. Baina lehen esan dudan modura, gor komunitatea oso anitza da. Alde batetik zeinu hizkuntza erabiltzen dutenak daude, baina, bestetik, entzumen urritasuna duten pertsonak ere badaude: entzumena galdu duten helduak edo beren komunikazioa egokitu eta ezpain irakurketaren laguntza behar duten adineko pertsonak. Horregatik, beharrezkoak iruditzen zaizkigu erdialdea gardena eta bistara dituzten maskarak.
Maskara horiekin, komunikazio oztopoak zer edo zer gutxituko dira? Zein neurritan?
Lehen esan dudan modura, komunikazio oztopoak beti egon dira eta egongo dira. Maskara gardenek eguneroko kaleko komunikazioan lagun dezakete, baina ez beti. Osakidetzak, esaterako, koronabirusaren osasun krisi honetan telefonoz eman du arreta, beraz, maskara gardenak erabiltzeak ez du oztopo hori konpontzen.
Jende guztiak horrelako maskarak erabiltzea gomendagarria dela iruditzen zaizu?
Maskara horiek pertsona gorrentzat ez direla argitu nahi dut, pertsona gorren inguruan daudenentzat baizik. Maskara horiek erabiltzeak lagundu egiten digu hizketan ari garen pertsonaren aurpegiera ikusten, eta horrek komunikazio hobea lortzen du, baina ez da komunikazio arazoaren irtenbidea.
“Homologazioa lortu behar da; udazkenean egon daitekeela uste dugu”
Maskara horiek erdian ezpainak ikusteko materiala daukate, eta ez dira lurruntzen? Zer material eduki behar dute nahitaez?
Euskal Gorrak Tknika-gaz elkarlanean gabiltza. Federazio moduan pertsonen osasunagaz ez jolasteko ardura dugu, horregatik, gure helburua beti izan da maskara homologatuak sortzea. Materialari dagokionez, Tknikatik maskara horiek material porotsuagaz diseinatu dituzte, ez lurruntzeko eta biodegradagarriak izan daitezen.
Tamalez, gor guztiek ez dute ezpainak irakurtzeko erraztasunik. Eta horien kasuan, zer alternatiba daude?
Ezpain irakurketa erraztasuna ez ezik, hitz egiten ari zaigun pertsonaren ahozkera eta pazientzia oso garrantzitsuak dira. Bisuala den informazioa bilatzen dugu: paper batean idaztea, zeinuekin adieraztea, komukazioan laguntzeko bisuala den informazioa prestatzea. Pertsonalki, elkarrekiko errespetua garrantzitsuagoa dela uste dut.
Hemen inguruan horrelako maskararik sortzen duen enpresarik badago?
Momentu honetan Tknika enpresa homologazioa lortzeko prozesuan ari da, beraz, ez dira ari horrelako maskararik oraindik fabrikatzen. Ez daukagu zeregin horretan ari diren beste enpresa batzuen berri.
Tknikak horrelako maskarak egin ditzan zuon laguntza ari zarete ematen.
Diseinuan ari gara gure laguntza ematen, gardena izango den eremuan gure aholkua ematen, ahalik eta handiena izan dadin, aurpegi osoaren ikuspegia errespeta dezan.
Maskara horiek noizko merkaturatzeko moduan egongo direla uste duzue?
Oraindik ez gaude prozesu horretan. Lehenengo homologazioa lortu behar da, eta pauso hori udazkenerako egon daitekeela uste dugu.
“Kolektiboa ez dago ezpain irakurketari lotuta komunikazio sistema modura”
Bestelako alternatibarik ez dagoen bitartean, baztertuta sentitzen zaretela esango zenuke?
Lehen esan dudan bezala, berez jasaten dugun diskriminazioari gehitzen zaio hau guztia. Gizartea, egia esan, «entzule normalentzat» prestatua dago.
Alternatiba faltan, maskararik egin duzue etxean?
Maskara homologatuen aldeko apustua egin dugu, beraz, ez dugu etxean maskararik egin.
Koronabirusak, gainera, bestelako arazoak ere agerian utzi ditu. Telebistako albistegiak jarraitzea, esate baterako, gehiago konplikatuko zen, ezta?
Egia esan, gure kolektiboa ez dago ezpain irakurketari lotuta komunikazio sistema bezala, elkarrizketa baterako, albisteetarako… zeinu hizkuntzako interpretazioa eta azpidatziak dira gure aukera.
Medikuek, aurrez aurreko kontsultaren ordez, zerbitzua telefonoz eman dute. Zer eskari egiten dituzue?
Hau esatea gogorra suertatu daiteke, baina egia esateko, pertsona gor batek ez dauka mediku kontsulta baterako aukerarik; Osakidetzako APPak berak kontsulta telefonikoa egitera behartzen gaitu. Senide bategaz hori konpontzen dela uste dute, baina ondoan familiarik ez duten persona gorrentzat zer? Eta garrantzitsuena, non dago gure autonomia? Osakidetza gizartearen gehiengoarentzat prestatuta dago, baina ez guztiontzat; hori guztiori konpondu nahian Euskal Gorraketik gure laguntza eta orientazioa eskaini diegu.
Euskal Gorrakek 40 urte bete ditu. Helburuek hasierako berberak izaten jarraitzen dute?
Azken lau hamarkadetan gizartea aldatuz joan den bezala, Euskal Gorrak ere aldatuz joan da. Duela 40 urte gor komunitatea eta zeinu hizkuntza onartzea aldarrikatzen zen. Taldearen ikusgarritasuna bultzatzeaz gain, gure aldarrikapenik nagusiena gaur egun zeinu hizkuntza babestu eta beste hizkuntzen maila bera izan dezan eskatzea da.
“Gorra izateak esan nahi duenaz sentsibilizatzea falta da”
Zeintzuk dira azken urteotako lorpenik esanguratsuenak?
Adibidez, interpretea eta azpidatziak izatea lorpen handia izan zen bere garaian. Gaur egun, zerbitzu horiez gain, kalitatezko zerbitzuak aldarrikatzen ditugu.
Teknologia ere asko aurreratu da azken urteetan. Aurrerapen horrek zertan lagundu du gor komunitatea?
Guretzat mugikorra asmakizun handia izan da, komunikatzeko aukera ezberdinak ireki dizkigu: idatziz, sare sozialetan dagoen informazio guztira sartzea, bideo deiak… Hala eta guztiz ere, ez da eguneroko bizitzan ditugun oztopoen irtenbidea, gizartea «entzule normalentzat» prestatu dago eta.
Ikastetxeetan ere beste ikasgai bat modura zeinu hizkuntza irakatsiko dutela esan dute. Zuontzako albiste ona izango da, ezta?
Pertsona batek zeinu hizkuntza ikasteko aukera izatea albiste positiboa da, baina kezkagarria da zenbait eremutan duen errespetu gutxia. Adibidez, Youtuben, sare sozialetan… zeinu hizkuntza erakusten dute, arautu gabeko hezkuntza moduan. Zeinu hizkuntzara interpretatutako abestiak… moda bihurtu dira azkenaldian; polita den zerbait, ondo geratzen dena. Egunero okerreko zeinuak ikasi dituzten pertsonekin topo egiten dugu. Azkenean, ez diote ematen zeinu hizkuntzari merezi duen maila eta errespetua.
Azken 40 urteotan inklusibitatearen bidean asko egin da, eta asko lortu da, baina oraindik, zer dago lortzeko?
Gorra izateak esan nahi duenaz sentsibilizatzea falta da, ez bakarrik entzumen galerari begira dagokionez, pertsona gor izateak zertan bihurtzen gaituen baizik. Informazioa eskuratzen ez dugun pertsonak gure identitatea ezagutu gabe, talde baten parte izateak zer esan nahi duen. Lehen esan bezala, ez dago pertsona gor eta entzumen urritasuna duen eredu bakar bat, gure taldea anitza da.
Zeintzuk asmo dituzue aurrera begira?
Gure helburu nagusia, eta berriro diot, errespetu hori lortzea da, gure ahotsa gizarte osoan entzunaraztea eta gure proposamenak kontuan hartzea.