Miren Agur Meabek irabazi du Mikel Zarate haur literatur saria
XIX. mendean oinarrituta dagoen 'Itsasoaren atea' eleberriagatik irabazi du haur literaturako saria. Epaimahaiak kontakizunaren hari guztiak "bikain josteko abilezia" azpimarratu du.
Miren Agur Meabe idazle lekeitiarraren Itsasoaren atea eleberriak irabazi du Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak elkarlean urtero antolatzen duten 2020ko Mikel Zarate haur literatura saria. Sari legez, Elkar argitaletxeak kaleratu du eleberria, eta 3.000 euroko diru saria ere jasoko du.
Leire Bilbaok, Julen Gabiriak eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiaren iritziz, aurten lehiaketara aurkeztu diren 22 lanen artean onena idazle lekeitiarrarena izan da. Kontakizunaren hari guztiak “bikain josteko abilezia” azpimarratu du epaimahaiak, eta “hizkuntza jori, dotore eta adierazkorra”. Epaimahaiak gaineratu duenez, aurkeztu diren lanen arten, dozena erdi bat, “maila handikoak” izan dira. “Horien artean Meabek idatzitako eleberria hautatu du epaimahaiak”.
Itsasoaren atea eleberria XIX. mendean dago oinarrituta, eta Atlantikoan kokaturiko Ile Cormoran edo Ubarrorien uharte asmaturiko batera eramango du irakurlea. “Hor hainbat abentura kontatzen ditu: amodio debekatuak, pasadizo sekretuak, ihes egindako espetxeratuak, iragarletzaren dohaina duten andrazkoak, gorrotoak eta misterioak… Literatura erromantikoaren gustua dakarkiguten motibo eta gaiak, azken batean”.
Meabe Lekeition jaio zen 1962an. Irakasletza eta Filologia ikasitakoa da, irakasle lanetan eta editore jardundakoa, eta gaur egun idazletzari emana bizi da. Prestigio handiko egilea da, sari ugari irabazitakoa, bai helduentzat bai haurrentzat, eta bere azken liburuak izan dira Hezurren erretura (ipuinak, helduentzat) eta Begiak zerumugan (poemak, haurrentzat).